Jostailu berriak biltzeko kanpaina abian du Debagoienako Gurutze Gorriak

2018/11/26
Herriko hiru dendetan "jostailu txekeak" eskuragarri daude

  Gabonak iristear diren honetan, Debagoieneko Gurutze Gorriak Jostailu Hezitzaileen kanpaina jarri du abian, beste urte batez. Jostailuak beharrezko elementuak dira haurren garapenerako, baina, tamalez, eskubide hau ez dago haur guztien esku. Horregatik, Gurutze Gorriak jostailu berriak bildu nahi ditu edo halakoak erosteko laguntza ekonomikoa. Baliabiderik ez duten bailarako 201 neska-mutikoren ametsak beteko dira batzen diren jostailuekin.

  Pasa den larunbatean hasita eta abenduan beste hiru egunez, Gurutze Gorriko boluntarioak Arrasateko Eroskin egongo dira jostailuak bildu eta Jostailu txekeak saltzen. Baina Oñatin ere izango da laguntza emateko aukerarik, herriko hiru dendek ekimenarekin bat egin dut eta jostailu txekeak eskainiko dituzte. Haritza, Altuna estankoan eta Trikitx dendan 5, 10, 20 eta 50 €ko jostailu txekeak eskuratu ahal izango dira eta horien truke jostailuak erosiko ditu Gurutze Gorriak. Laboral Kutxaren bitartez ere egin daiteke diru ekarpenak Jostailu Hezitzailea kontzeptua erabiliz. Abenduaren 15ean egingo den Elkartasun azokan ere jostailu txekeak erosteko aukera izango da.

  Helburua, Debagoienean, gizarte bazterkeria arriskuan aurkitzen diren 0-12 urte bitarteko haur eta gaztetxoentzat jostailu berriak eskuratzea da, Gabonetan, guztiek, jostailu bat gutxienez izan dezaten. Iaz 256 haurren ametsak bete ahal izan ziren.

Iturria: Oñati Irratia