Joskintza ikastarorako izen ematea epea baino lehen itxi behar izan du Kultura Departamentuak.

2014/03/10
Card image cap
10 laguneko taldea osatzea zen helburua baina 30 izen baino gehiago jaso dira jada.

  Hala, bakarra izan behar zen ikastaroa hirukoiztu egin da. Hasieran, ikastaroa ostiral ilunkaretan ematekoa zen baina izan den izen emate ugariari erantzunez beste bi talde osatu dira eta joskintza ikastaroa, ostegun ilunkaretan eta zapatu goizetan ere emango da.

  10 orduko iraupena izango duen oinarrizko joskintza ikastaroak harrera oso handia izan du esan bezala. Berez, asteazkenean ixtekoa zen izen emate epea, hiru egun lehenago itxi beharrean izan dira kultura arduradunak. Horrela, orain arte parte hartzeko interesa agertu dutenei ikastaroa egiteko aukera emango zaie.

  32 izen jaso dira eta hiru taldetan bilduko dira. Talde horiek osatzen ari dira orain eta datozen egunetan zehar bakoitzari zein egun eta ordutegi egokitu zaion jakinaraziko zaio, ikastaroak, aste honetan bertan hasiko baitira. Ostegun eta ostiraleko taldeek, arratsaldeko 7etatik 9etara izango dute ikastaroa eta zapatukoek berriz, goizeko 9etatik 11etara.

  Aste honetan hasita, ikastaroa 10 ordukoa dela kontutan hartuta, bost astetan osatuko da eta Aste Santurako amaituta egongo da. Horixe izan da izen gehiago ez hartzearen beste arrazoi bat, ikastaroak Aste Santurako amaitu nahi zirela. Oinarrizko joskintza ikastaro hauek Dorleta Fernandezek emango ditu eta Bidebarrieta kalean udalak dituen tailerretarako lokalean emango dira.

  Eskaintzak izan duen harrera ona ikusita, etorkizunean berriro errepikatu daitekeela adierazi digute Kultur Etxetik baina oraingoz behintzat ez da data edo eperik zehaztu.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!