Joseba Arregi Martuteneko espetxera aldatuko dute

2020/10/20
Card image cap
Komunikabideen bitartez jaso dute albistea etxekoek eta Josebaren deiaren zain daude xehetasunak ezagutzeko

  Baldin eta presoak berak berririk badauka, urte hasieran Alacantetik Asturiasa eramateko leku aldatzearen abisua, kasik, bezperan jaso baitzuen Joseba Arregik, etxekoek jakinarazi digutenez.

  Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak atzo erabaki eta jakinarazi zuen  ETAko bost kide Euskal Herrira hurbilduz espetxez aldatuko direla. Horietako bi Euskal Herrira ekarriko dira: Joseba Arregi oñatiarra Martutenera eta Garikoitz Garcia atxabaltarra Zaballara.

  Joseba Arregi 1992an atxilotu zuten Bidarten, talde terroristako buru izatea egotzita. 2000n Frantziatik Espainiara eraman zuten, eta 30 urteko kartzela zigorra betetzen ari da, terrorismo, hilketa, mehatxu eta lesio delituengatik. Arregik 74 urte ditu une honetan eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzka. Urte hasieran Alacantetik Asturiasko espetxera eraman zuten, eta orain bigarren graduan beteko du zigorra Donostian, Martutenen, EFE agentziak jakinarazi duenez.

  Bigarren gradua onartu izana ere berria da, fiskalaren ebazpenaren zain baitzegoen. 2. graduan egoteak baimen bereziak jasotzea ahalbideratuko dio, tarteka kartzelatik irtetea ere bai. Hori teorian, oraingo pandemiak espetxeetako protokoloak aldatu baititu eta zehazki zertan geratuko den ikusteko baitago, senitartekoek adierazi digutenez. Baina pozik daude, laster etxetik ordubeteko bidaia-distantziara izango delako. Atzo zabaldu zen espetxe aldaketa noiz egingo den ere ez dakite. Alacantetik Asturiasa eramango zutela erabaki eta bizpahiru astera gauzatu ei zen trasladoa. Oraingoan ere hala izango dela uste dute, nahiz eta, lehen aipatutako osasun egoerak dena baldintzatzen duen.

  Covid-19ak guztiz aldatu du espetxeetako protokoloa. Asturiasko espetxean esaterako, aurrez aurreko bisita edo bisak bertan behera utzita zituzten. Asturiastik Martutenera bidaia zuzenean egitea espero dute senitartekoek, bideko beste espetxe batean geratu gabe, eta litekeena da behin Donostian dagoela berrogeialdia bete beharra izatea. Baina hori guztia familiakoek pentsatu edo uste dutena da, esan bezala, inolako jakinarazpen ofizialik ez baitute jaso.

  Arregi Erostarbe eta Garcia Arrietarekin batera beste hiru preso espetxez aldatzea erabaki du Barne Ministeritzak: Ugaitz Perez Castellon-Ietik Logroñora eramango dute, Jose Inazio Armendariz Herrera de la Manchatik Burgosera eta Alizia Saez de la Cuesta gatzagarra Castellon-IItik Logroñora.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!