Jose Urzelai Kortabarriaren argazki-bilduma jasoko du Udal Artxiboak

2016/01/12
Funtsak, Oñatiko baserri ugariren argazkiak biltzen ditu

  Artxibozainak ezagutzen zuen Jose Urzelairen argazki funtsa eta bere ekimenez lortu da Udal Artxiboan jaso ahal izatea.

  Jose Urzelaik, XX. mende amaierako urteetan lan handia egin zuen herriko baserrien irudiak hartzen. Hala, 700-800 argazkiko funtsa sortu zuen 1.980 eta 1990eko hamarkadetan. Aipagarria da, argazkietan jasotako zenbait baserri botata daudela gaur egun eta zutik dauden asko, gerora berritu direla, beraz, Urzelairen irudietan, berritu aurretik nolakoak ziren ikusi daiteke.

  Orain Udalaren eskura pasako diren argazki asko digitalizatuta zeuden jada. Hortik zuen udal artxibozainak Urzelairen lanaren berri. Baina lagapen honen haritik, lehendik zegoen oinarrizko bilduma osatuko da eta  herritarren eskura bertako arkitektura eta etnografiaren inguruko dokumentu esanguratsuak jarri ahal izango dira.

  Oñatiko Udalak, argazki eta agiri hauen donazioa egin izana eskertuko dio Jose Urzelai Kortabarriari.

Iturria: Oñati Irratia