Jose Mari Bengoa eta Eder txakurrak Oñatiko artzain txakur txapelketan parte hartuko dute atzo Gipuzkoakoa irabazi ondoren

2015/09/07
Urteak dira Santa Lutziako zelaian Oñatiko partaiderik ez dela

  Proba egitearren eta irabazteko asmorik gabe joan ei zen Jose Mari Bengoa Gipuzkoako artzain txakur txapelketara. 7 txakur aritu ziren eta lanik borobilena Bengoaren “Eder” txakurrak egin zuen. Gipuzkoako txapela ondorioz, Oñatira etorri da. Horrek, irailaren 27an Santa Lutziako zelaian jokatuko den Nazioarteko Artzain Txakur Txapelketan aritzeko txartela ere eman dio Bengoa-Eder bikoteari, bertan, herrialdeetako txapeldunek parte hartzen baitute. Urteak dira Oñatiko artzain txakur txapelketan bertako artzainik izaten ez dela. Azpimarratzekoa da gainera, Jose Mari Bengoa nazioarteko txapelketako antolatzaile taldeko arduradun nagusia dela, ondorioz, hiru aste barru, antolakuntza lan horiek taldekoen esku utzi beharko ditu txakurrarekin lasai lehiatu ahal izateko.

  “Eder” txakur gaztea da, urrian, 4 urte beteko ditu, baina arraza onekoa, Oñatin sarritan izan den Enrike Mendigure bizkaitarrak oparitutakoa baita. Lehen aldia zen Bengoa eta Eder bikoteak artzain txakur txapelketa batean parte hartzen zutela eta Gipuzkoako txapela jantzi zuten atzo arratsaldean Legazpiko Urtaza zelaian.
Oñatin, nazioarteko txapelketan parte hartu aurretik beste zita garrantzitsua izango dute Atxondon, hilaren 19an, Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketa jokatuko baita.

Iturria: Oñati Irratia

Bengoa eta "Eder"