Jose Ignacio Saez ingeniari industriala CEGASA Portable Energy-ko zuzendari gerente izendatu dute

2015/07/10
Oñatiko plantan plan estrategiko berria ezartzeaz arduratuko da

  CEGASA Portable Energy-ko zuzendaritzak izendapenaren berri prentsa ohar bidez jakinarazi du. Idatzian, zehazten denez, Jose Ignacio Saez arduratuko da onartu berri den plan estrategikoa ezarri eta produkzio eta efikazian oinarritutako merkaturatze berria abian jartzeaz.

  Saez, bilbotarra da, 59 urte ditu eta ingeniari industriala da. Enpresen zuzendaritzan ibilbide luzea du eta aurretik, Ringo Valvulas, Lazaro Ituarte edota Applus Velosi Limited-en aritu da, besteak beste.

  CEGASA Portable Energy-ko plan estrategiko berriak hiru arlo nagusi zehazten ditu:  Energia biltzeko sistemetara elektronika eta telekomunikazioak aplikatzea, batetik, nazioarteko merkatuetara zabaltzea, bigarrenik, eta CEGASA PE-k egun proposatzen dituen irtenbideei ingeniaritza eta balio erantsi handiagoa ematea, hirugarrenik. Saezen erronketako bat berriz, garai bateko CEGASA Internacional-eko parte zen Teknologia Berrien Garapenerako Unitatea bereganatzea izango da. Ildo horretan, egun unitatearen ardura duen administrari konkurtsalari eskaintza egin dio jada Portable Energy-k. Eskuratu asmo den Garapen Unitateak bereziki indartuko luke CEGASA PE-ren Berrikuntza Departamentua, enpresatik jakinarazi denez. 

  Jose Ignacio Saezek asteak daramatza jada Oñatin lanean.

Iturria: Oñati Irratia