Jose de Azpiazu musika eskolako 9 ikaslek Andoaingo piano jaialdian parte hartuko dute asteburuan

2018/02/23
18 urtera arteko ikasleak dira eta bakarkako modalitatean arituko dira

  Ia 800 piano ikasle bilduko ditu bihar eta etzi Andoaingo XIII. piano jaialdiak. Horietatik 9 Oñatiko musika eskolakoak izango dira.18 urtez azpiko piano-joleei zuzendutako jaialdi honetan, adin eta konbinazioen arabera, partaideak kategoria ezberdinetan bereizten dira. Bakarkako kategorian eta 11 urte bitartekoenen gaztetxoenen mailan, Sara Iñurritegi, Sara Txintxurreta, Maider Alberdi, Naiara Altube,  Irati Atxa eta Paula Astudillo arituko dira. 14 urte bitartekoenen B mailan berriz, Izar Diaz eta Anna Belen Ferrero arituko dira eta 18 urte bitartekoen C kategorian, azkenik, Unai Agirrek parte hartuko du. Ainhoa Galdos eta Anabel Henaoren ikasle diren 9 lagun hauek pieza bana joko dute.

  Andoaingo Bastero kultur gunean larunbatean eta igandean izango den piano jaialdi hau prestatzeko eta bereziki gaztetxoenak publiko aurrean jotzera ohitzen joateko, entzunaldia egin zen Santa Ana aretoan otsailaren 5ean. Debagoienako musika eskola ezberdinetako ikasleak aritu ziren, tartean, Jose de Azpiazuko 13 ikasle. Guztiak ez dira Andoaina joango, 9 bakarrik.

  Aurten eta berrikuntza moduan, Claude Debussyren mendeurrena aitzaki, konposagilearen piano obraren sari berezia izango da Andoaingo jaialdian.

Iturria: Oñati Irratia

Santa Anako ekitaldian jo zuten piano ikasleak