Jose A. Gurrutxaga eta J.J. Lopez Azurmendiren lanek jaso dute XV Oñatiko Natura eta Mendia argazki lehiaketako lehen saria, bakoitza bere sailean

2018/11/16
Sari banaketa ekitaldia hilaren 23an egingo da Kultur etxean

  Aloña Mendiko Mendi Sailak antolatu du aurten ere Oñatiko Natura eta Mendia Argazki Lehiaketa. Bi sail edo atal berezitu dira: gizakia mendian eta mendi ingurunea. Atal bakoitzean hiruna sari eta Oñati saria ematen dira.

  Juan Mari Ibarzabal, Igor Froilan eta Iñigo Olartek osatu duten epaimahaia asteartean elkartu zen Aloña Mendiko egoitzan. Gizakia mendian sailean, lehen saria, Jose A. Gurrutxagaren En medio de la niebla lanak irabazi du. Oñati saria berriz, Iban Yanizen  Lagunak I argazkiak jaso du. Aipagarria da Iban Yanizek berak aurkeztutako Elurtea Urbian lanak mendi ingurunea atalari dagokion Oñati saria ere eraman duela. Beraz, Yanizek sari bikoitza jaso du aurten. Mendi ingurunea atal horretan berriz,  J.J. Lopez Azurmendiren Koloreak paisaian argazkiak irabazi du sari nagusia.

  XV. Oñatiko Natura eta Mendia Argazki lehiaketara 200 argazki aurkeztu dira. Saritutako lanak eta duten kalitateagatik ikustea merezi duten beste hainbat, Kultur etxeko erakusketa aretoan jarriko dira. Erakusketa astelehenean irekiko da eta abenduaren 2ra arte ikusgai egongo da. Sari banaketa ekitaldia berriz, hilaren 23an egingo da, 19:00etan kultur etxean bertan,  Mendi Hamabostaldiaren baitan.

Iturria: Oñati Irratia

JJ Lopez Azumendiren lan saritua