Jardunean den udal gobernu taldeak asteroko bilera egingo du gaur

2019/05/30
Card image cap
Lan zerrendan sei gai jaso dira, tartean Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentzia S.A.ren ondarea udalaren eskura pasatzea

  Udalaren egunerokoa ez da eteten; batzorde informatiboek lanean jarraitzen dute eta jardunean den udal gobernu taldeak erabakiak hartzen jarraitzen du, nahiz eta jorratzen dituen gaiak tramitezkoak diren. Horregatik, gaur arratsaldean, ostegunero egon ohi denez, Tokiko Gobernu Batzarra izango da.

  Lan zerrendan sei gai jaso dira, tartean, Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentzia S.A.ren ondarea udalaren eskura pasatzea. Udal enpresak galerak izan zituen 2017an eta 2018an. Halako egoeran dauden enpresa publikoak likidatzera behartzen du Arrazionalizazio, egonkortasun eta iraunkortasun legediak . Eta horrela egin zen OGTA S.A. enpresarekin. Iazko urriaren 4ko Osoko Bilkuran enpresa deuseztatze-iraungitze bidean jartzea erabaki zen. Era berean, enpresan ziharduen langile finkoa udal plantillako langile bihurtzea erabaki zen, turismoa sustatu eta udalak dituen baliabideak kudeatzeko ordura arte betetzen zituen lana udaletik egiten jarraitu zezan. OGTA enpresa likidatzeko prozesuan, honen ondare guztia udalaren eskura pasa dadin proposatuko da gaurko batzarrean.

  Turismoarekin lotuta, Txokolaterixako kudeaketa-kontratua eta Anton Azpiazurekin Txokolateixia erakusketako gordailu-kontratuaren gaiak ere aztertuko dira arratsaldeko bileran. Euskaldun Berria aretoan dagoen galdara aldatu eta ur zirkuitua berritzea ere aztergaien artean jaso da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!