Jardueraz beteriko asteburua antolatu da Arantzazu Parketxean, ateak berriro ireki ondoren

2020/06/04
Card image cap
Sarraskijaleen inguruko hitzaldia izango da larunbatean eta ibilaldi gidatua igandean

  Atzo bertan ireki ziren Gipuzkoako Parketxeak, tartean, Arantzazukoa. Eta bertan hainbat ekintza antolatu dira astebururako; larunbatean hegazti sarraskijaleen inguruko hitzaldia emango du Mikel Olanok eta igandean txango gidatua egingo da ibilbide irisgarrian zehar.

  POCTEFA Ecogyp proiektuari esker, 13 sai arre GPS emisoreekin markatu ziren iaz, lehen aldiz Gipuzkoan, baita miru gorriak eta sai zuriak ere. Proiektu honetan Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hazi Fundazioa ari dira parte hartzen.

  Proiektu interesgarri honen eta markatutako hegaztien nondik norakoak jendearengana hurbiltzeko helburuz hitzaldia emango du Mikel Olano basozainak. Proiektua azalduko da lehenik, euskarri digitalak erabiliz, eta ondoren parketxearen kanpokaldean behaketa egingo da, inguruan bizi diren sarraskijaleak ikusteko asmoz. Hegazti Sarraskijaleak GPSarekin izeneko hitzaldia eta behaketa 11:30tan hasiko da, larunbatean. Gidaria, esan bezala, Mikel Olano Aldundiko basozaina eta POCTEFA Ecogyp proiektuko partaidea izango da. Ahal de neurrian prismatikoak eramatea gomendatzen da.

  Domekan Arantzazu inguruko paisaiak izeneko ibilaldi gidatua osatuko da Parketxe atzealdetik Gomiztegira bitartean dagoen ibilbide irisgarria jarraituz. Aizkorri-Aratz natura-parkea eta Arantzazu auzoa ezagutzeko ibilaldia izango da, familiei bereziki zuzenduta.

  Astebururako antolatu diren jardueretara doazenei musukoa jantzita eramatea eskatzen zaie. Talde txikitan ibiliko dira, segurtasun tarteak gordeaz eta Parketxean gel hidroalkoholikoa eskainiko zaie eskuak garbitzeko.

  Ekintza hauetan parte hartzeko izena ematea eskatzen da Arantzazuko Parketxeko telefonora deituta: 943 78 28 94 zenbakira. Sarraskijaleak GPSarekin jarduerako prezioa pertsonako 3€koa izango da eta Arantzazu inguruko paisaiak txango gidatukoa 4€ helduak eta 2€ haurrak.

  Horiek, asteburu honetarako Arantzazuko Parketxean antolatu direnak baina hurrengo asteetarako ere beste ekintza batzuk prestatu dituzte: Pagomotzak, kultur eta natur ondare izeneko saioa egingo da hilaren 14an, Arantzazuko altxorren bila 20an, eta Basoa lasaitasun iturri 27an.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!