Jarduera ekonomikoen gaineko zerga eta garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkion udal tasak ordaintzeko epea datorren ostiralean amaitzen da

2017/11/03
Gogorarazte gutunak bidali zaizkie ordainketa egiteke dutenei

  Tasei dagokienean gutxi dira ordaintzeko daudenak. Kontzeptu ezberdinak tarteko bideratu ziren 5619 errezibotatik 170 dira ordaintzeke daudenak, % 3a, gutxi gora behera. Baina epea betetzen ari dela eta beranduago ordaintzeak errekargoa izango duela jakinaraziz gogorarazte gutuna bidali zaizkie astean tasaren bat ordaintzeko duten herritarrei. Garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkien udal tasen kobrantzatik, 104 mila euro bilduko ditu udalak aurten.

  Kopuru handiagoa da jarduera ekonomikoen gaineko zerga kontzeptuan biltzen den dirua, aurten 497 mila euro. Kasu honetan dena den, etorkizuneko aditz forma erabili behar da oraindik, errezibo gehienak ez baitira azken egunera arte, datorren ostiralera arte kobratuko. Urtean, milioi bat eurotik gorako fakturazioa duten enpresek ordaindu beharreko zerga da. Zerrendan 173 enpresa daude. Bakoitzak ordaindu behar duen kopurua handia da, horregatik ordainketa ahal den gehien atzeratzen da. Udalak ere, helbideratuta dituen erreziboen kargua azken egunean egiten du. Hori jakinaraziz, zerga ordainketa epea hasi zenean, gutun bana bidali zitzaien ordainketa domiziliatu gabe duten enpresei. Eta ordainketa helbideratuta dutenei ere oharra bidali zitzaien kargua azaroaren 10ean egingo dela jakinaraziz. Bide batez, udalak dituen helbide, kontu korronte zenbaki eta beste hainbat xehetasun egiaztatzea eskatu zitzaien.

  Jarduera ekonomikoen gaineko zerga, nahiz garaje, hilerri eta ibi iraunkorrari dagozkion udal tasak ordaintzeko epea astebete barru, azaroaren 10ean amaituko da eta ez da luzatuko.

Iturria: Oñati Irratia