Jakin taldeak jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina, tartean, Paulo Agirrebaltzategi oñatiarrak

2018/11/14
Card image cap
Gipuzkoako Foru Aldundiak eman ohi duen sari gorena da

  Paulo Agirrebaltzategik, Joxe Azurmendik, Joseba Intxaustik eta Joan Mari Torrealdaik osatutzen dute Jakineko talde historikoa eta hauek egindako ekarpena nabarmendu du Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina emanda. Bost esparrutan egindako lana aitortu nahi zaio taldeari: pentsamenduan, kultur eragintzan, argitalpengintzan, euskal kulturan, eta euskara batuan.

  Arantzazuko santutegiko frantziskotarren inguruan sortu zuten Jakin taldea, eta Jakin aldizkaria izan du ardatza nagusia, nahiz eta bakarra ez den izan. Aldizkari horren lehen zenbakia 1956an argitaratu zen, frankismo betean, eta, hasieran teologia eta filosofia landu bazituen ere, hizkuntzarekiko eta gizartearekiko ardurak nagusitzen joan  ziren zenbakiz zenbaki.
Bederatzigarren zenbakitik aurrera, Joseba Intxausti agertzen da zuzendari lanetan, eta haren zuzendaritzapean hasi zen laguntzaile Joxe Azurmendi. Hauekin batera beste bi lagunen izenak eman ziren atzo Aldundian Gipuzkoako Urrezko Domina iragarri zenean, Joan Mari Torrealdai eta Paulo Agirrebaltzategi oñatiarrarena. Laurek osatzen dute Jakineko talde historikoa. 1967an, aldizkariaren zuzendaritza laikoa osatu zen eta hurrengo urtean, 68an, hartu zuen Joan Mari Torrealdaik aldizkariaren zuzendaritza. Kargu horretan zela iritsi zen Espainiako Gobernuaren debekua eta 1969tik 1977ra bitartean, argitaletxe bihurtu zen Jakin.1977tik aurrera, kultur aldizkari kritikotzat definitzen da Jakin. Eta liburuak argitaratzen jarraitu du gaur arte. Argitalpen lan horretan, pentsamenduaren dibulgazioan eragitea izan du xede.

  Abenduaren 19an jasoko dute Urrezko Domina Jakin taldeko kide historikoek, Agirrebalzategik, Azurmendik, Intxaustik eta Torrealdaik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!