Jaietan kontutan hartu beharreko trafiko, segurtasun eta hondakinen inguruko ohar batzuk

2016/09/28
Card image cap

  Oinezkoentzat jai guneak irabazte aldera, Aker taberna paretik unibertsitateko zubia bitartean, errepidea noiz nahi eta tarteka itxi egingo da datozen egunotan. Errementari Plaza ingurua ere trafikorako itxiko da domeka goizean.

  Herri Egunean eta Errosarixo Bixamon egunean, Unibertsitate etorbidea trafikorako erabat itxiko da. Ondorioz, ibilgailuak Portu kalerantz eta saihesbiderantz desbideratuko dira. Baina gogoan hartu gainontzeko jai egunetan ere, Unibertsitate etorbidean trafikoa tarteka itxiko dela, ekintzen arabera eta erdigunean jende pilaketa aurre ikusten denaren arabera. Domekan bestalde, haurrentzako ekintza bereziak izango dira Errementari plazan, tailerrak, puzgarriak, tirolina eta abar izango dira. Hori dela eta, ingurua trafikorako itxiko da goizean. Zubibarri kaletik doazen ibilgailuak Kiroldegi aldera desbideratuko dira. Errementari plaza arteko aparkalekuak ere hutsik utzi beharko dira.

  Domeka gauean bestalde piroteknia ikuskizuna izango da. Horren aurretik, Kale Barria eta Atzeko kaletik plazarako sarbideak itxi egingo dira. Aurrez, arratsaldean Udaletxe aurrealdea, hesitu egingo da muntaia egiteko. Gauean, segurtasun eremua 25 metrotara zabalduko da.

  Sokamuturren inguruan ere, oinarrizkoak baina garrantzitsuak diren bi segurtasun neurri betetzea eskatzen dute udal arduradunek: 16 urtetik beherakoak debekatuta dute sokamuturrean parte hartzea eta burladeroak sokamuturrean daudenentzat babesleku dira eta ez ikusleak egoteko lekua.

  Segurtasunaren inguruan beste ohar bat, kontuz lapurrekin. Jaietan kalean jende asko biltzen dela jakinik poltsekin, karterekin eta sakelako telefonoekin kontuz ibiltzeko gomendioa egin da Udaltzaingotik. Lapurrek, jende multzo handiak aprobetxatu ohi dituzte beraiena ez dena harrapatzeko. Halakoetan, poltsak etxean utzi eta oso eskura dugun poltsikoren batetan kartera txiki bat eramatea aholkatzen da. Telefonoekin ere kontuz ibili.

  Azkenik, gogoan hartu, Errosarixo Bixamon egunean karrozak eta osagarriak uzteko biltoki berezia egokituko dela Aita Mortara kalean, institutu atzealdeko aparkalekuan. Halako hondakinak kale bazterretan uztea ekidin nahi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!