Jaietan edukiontzi bereziak jarriko dira ostalari eta elkarteentzat

2015/09/24
Card image cap
Aita Madina kalean, Iturritxo inguruan eta azoka aldamenean kokatuko dira

  Edukiontzi horiek erabiltzeko giltzak, inguruko taberna, jatetxe, elkarte eta txosnetako arduradunei banatu zitzaizkien iaz. Baina ez daukatenek udaletxeko harreran edo hondakinen informazio bulegoan jaso ahal izango dute bihar goizetik aurrera. Edukiontziak urriaren 6ra arte mantenduko dira.

  Azken bi urteetan egin denaren antzera, frakzio bakoitzari dagozkion edukiontzi hauek hiru gunetan jarriko dira: Aita Madina kalean institutuaren aurrean; Iturritxon, Atzeko kaleko plazatxoaren inguruan eta azokako biribilgunean.
Gune bakoitzean 1000 litroko edukiera duten sei-zortzina edukiontzi jarriko dira. Hala, inguruko ostalari edo elkarteetako lagunek, ohikoa baino hondakin gehiago biltzen badituzte, bertara eramateko aukera izango dute. Giltzadun edukiontziak jartzea dena den, zerbitzu osagarria izango da. Jai egunetan ostalaritza lokal eta elkarteetan sortzen diren hondakinak urtean zeharreko gainontzeko egunetan bezala jasoko baitira, ordutegi eta leku berdinetan. Edukiontzi berezi hauek beraz, ohikoaren gaineko hondakin kopurua pilatu eta gordetzeko arazoak dituztenei zuzenduta daude. Larrialdietarako gune direla esan genezake.

  Bestelakoan, etxeetako hondakinen bilketan ez da aldaketarik izango jaietan eta egun bakoitzari dagokion hondakin frakzioa, orain arte bezala gauez jasoko da. Enpresetako bilketan ere, ez da aldaketarik egingo San Migel egunean izan ezik. Irailaren 29an ez da hondakin bilketa zerbitzurik izango industria guneetan.

  Merkatari,ostalari eta elkarteei eskaintzen zaien goizeko zerbitzua bai, pitin bat egokituko Herri Eguna eta Errosarixo Bixamonean eta Kale Zaharra, Kale Barria, Atzeko Kale eta plazan dauden lokalen kasuan. Herri Egunean eta Errosarixo Bixamonean, erdiguneko kaleak eta plaza jendez gainezka egoten dira goizean goizetik. Hondakinak biltzeko kamioiak bertatik sartzea oso arriskutsua da eta ondorioz, bi egun horietan, aipatu kaleetako lokal jabeei, hondakinak, inguruan izango diren batze-puntu nagusietara eramatea eskatuko zaie. Kale Zaharra eta plazakoek, Txaketua aldamenean ONCE saltoki ondoko aparkalekuan izango dute batze puntua. Atzeko Kalekoentzat berriz, Iturritxoko ONCE saltoki ondoan egokituko da batze puntua. Eta Kale Barriakoentzat Portu taberna inguruan, kalearen behealdekoentzat,  eta Ramon Irizarren, goialdekoentzat. Kamioiek bilketa lehenbailehen egin dezaten, puntualitatea eskatzen da eta goizeko 9etarako jada, hondakin frakzioen kuboak aipatu batze puntuetara eramatea eskatzen da. Gainontzeko egunetan ez da aldaketarik izango.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!