Jai egitarauan lekurik izan ez zuen Egun Morea larunbatean ospatuko da

2017/10/17
Card image cap
Kirol txapelketak, bazkaria eta kontzertuak antolatu dira, besteak beste

  Aurten kontzentratuta etorri ziren San Migel jaietako egitarauan tarterik izan ez zuen Egun Morea larunbatean ospatuko da, Pototak Emakume Asanbladak antolatuta. Jai egun nagusietatik kanpo bada ere, egutegian ia ohikoa bihurtu den aldarrikapen-festari uko ez egitea erabaki dute.

  Goizean goizetik hasiko dira ospakizunak, kirola egiten. Frontefeminista eta Neskalada izenpean, frontenis eta eskalada txapelketak egingo dira Zubikoa kiroldegian 10:00tatik aurrera. Parte hartzeko izena eman behar da Arranon eta Ona tabernetan edo kiroldegian bertan.

  Kirol hitzordu bikoitz horren ondoren poteoa hasiko da kiroldegiko tabernatik abiatuta eta jarraian,  bazkaria izango da Gaztetxean. 14:30tan hasiko den otordurako txartelak Ona eta Arrano tabernetan eros daitezke 10 eurotan, langabetuentzat berriz, 7 eurotan.

  Bazkalosterako ikuskizuna iragartzen da, Atzoko Ogixa lana hain zuzen ere. Eta gauean musika nagusituko da Egun Moreaz. Kontzertua izango da lehenik gaztetxean. Las Tipex eta Perlata taldeen emanaldia izango da 22:00tan hasita. Jaiak Arrano tabernan jarraituko du gaueko 1:00tatik aurrera DJ Bolloren emanaldia izango baita bertan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!