Izaro Elorzak Eusko Legebiltzarrerako hautagai izaten jarraitzen du EH Bildu ordezkatuz

2020/06/10
Card image cap
Apirilerako prestatu ziren zerrendak bere horretan mantentzen dira, orokorrean

  Gaur argitaratu dira uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten diren hautagai zerrendak. Oraindik behin behinekoak dira; errebisatu, akatsak edo irregulartasunak zuzentzeko bost egun daude eta behin betiko zerrendak ekainaren 16an argitaratuko dira. Gipuzkoan hamahiru alderdi edo koalizio aurkezten dira Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta zerrendetan oñatiar bakarraren izena topatu dugu: Izaro Elorza Arregi alkatearena, EH Bilduko zerrendan 23. postuan aurkezten da, apirilean egitekoak ziren hauteskundeetarako gertatu bezala.

  Euskal Herria Bilduz gain, Partido Popular-Ciudadanos, Euzko Alderdi Jeltzelea, Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra, Bidezko mundurantz, Libres por Euskadi, EQUO Berdeak, Aulki Zuriak, VOX, Podemos Ahal dugu/Ezker Anitza, Unión Cristiana Demócrata Española, Animalien tratu txarren kontrako alderdi animalista eta Recortes Cero-Los Verdes-Municipalistas hautagaitzak dira uztailaren 12ko hauteskundeetara Gipuzkoatik aurkezten diren zerrendak. Apirilen 5erako prestatu ziren hautagaien zerrendak bere horretan mantendu dira, orokorrean. Badira postu aldaketak edo hautagai berriren bat baina orokorrean ez da aldaketa handirik egin. Aipagarria da, hori bai, Recortes Cero-Los verdes-Municipalistas koalizioak zerrenda guztiz berritua aurkeztu duela uztaileko hauteskundeetarako.

  Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruan, gogoratu, egunean bertan hauteskunde mahaira joaterik ezin ez duenak, bozka posta bidez eman dezakeela. Horretarako eskaera epea zabalik dago uztailaren 2ra arte. Nortasun agiriarekin, edo beste identifikazio agiri ofizialarekin, estatuko edozein posta bulegotan tramitatu daiteke posta bidezko bozka.

  Uztailaren 12an hauteskunde mahaitan egon beharko duten herritarrak hautatzeko zozketa berriz, astelehenean ekainaren 15ean egingo da udaletxeko HAZ bulegoan. Zozketan zenbakiak aterako dira eta ondoren ikusiko da, mahai bakoitzeko hautesle erroldan begiratuta, zenbakiak zein herritarrei dagozkien. Horrela osatuko dira mahai bakoitzeko presidente eta bi bokalak eta bakoitzari dagozkion bina ordezkoen zerrendak. Legebiltzarrerako hauteskunde egunean 15 mahai irekiko dira Oñatin beraz, datorren astelehenean 135 herritar hautatuko dira. Jakinarazpenak hurrengo egunetan banatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!