Izaro Elorza Eusko Legebiltzarrerako hautagai da EH Bildu ordezkatuz

2020/03/04
Larraitz Ugarte ez da aurkezten

  Gaur argitaratu dira apirilaren 5eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkezten diren hautagai zerrendak. Oraindik behin behinekoak dira; errebisatu, akatsak edo irregulartasunak zuzentzeko bost egun daude eta behin betiko zerrendak martxoaren 10ean argitaratuko dira. Gipuzkoan hamahiru alderdi edo koalizio aurkezten dira Legebiltzarrerako hauteskundeetara, eta zerrendetan oñatiar bakarraren izena topatu dugu: Izaro Elorza Arregi alkatearena, hain zuzen ere. EH Bilduko zerrendan 23. postuan aurkezten da. Koalizio horretako ordezkari izan da azken lau urteotan bestalde, Larraitz Ugarte Zubizarreta oñatiarra. Ez du legebiltzarkide moduan jarraituko, ez baita hautagaien zerrendan agertzen.

  Euskal Herria Bilduz gain, Euzko Alderdi Jeltzelea, Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerra, Animalien tratu txarren kontrako alderdi animalista, Libres por Euskadi, Aulki Zuriak, Bidezko mundurantz, EQUO Berdeak, VOX, Partido Popular-Ciudadanos, Unión Cristiana Demócrata Española, Podemos Ahal dugu/Ezker Anitza eta Recortes Cero-Los Verdes-Solidaria hautagaitzak dira apirilaren 5eko hauteskundeetara Gipuzkoatik aurkezten diren zerrendak. Apirileko lehengo domekan, Gipuzkoak, Arabak eta Bizkaiak 25na legebiltzarkide hautatuko dituzte.

  Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruan, gogoratu, egunean bertan hauteskunde mahaira joaterik ezin ez duenak, bozka posta bidez eman dezakeela. Horretarako eskaera epea zabalik dago martxoaren 26ra arte. Nortasun agiriarekin, edo beste identifikazio agiri ofizialarekin, estatuko edozein posta bulegotan tramitatu daiteke posta bidezko bozka.

  Apirilaren 5ean hauteskunde mahaitan egon beharko duten herritarrak hautatzeko zozketa berriz, etzi, ostiral goizean egingo da udaletxeko HAZ bulegoan. Zozketan zenbakiak aterako dira eta ondoren ikusiko da, mahai bakoitzeko hautesle erroldan begiratuta, zenbakiak zein herritarrei dagozkien. Horrela osatuko dira mahai bakoitzeko presidente eta bi bokalak eta bakoitzari dagozkion bina ordezkoen zerrendak. Legebiltzarrerako hauteskunde egunean 15 mahai irekiko dira Oñatin beraz, ostiralean, 135 herritar hautatuko dira. Jakinarazpenak hurrengo egunetan banatuko dira.

  Argitaratu dira bestalde hauteskunde kanpaina kartelak jarri eta ekitaldietan erabili ahal izango diren areto ofizial eta leku publikoen zerrenda. Oñatin, kultur etxeko jardineko burdinsarean, Bidaurretako fraideen ortuko burdinsarean, Portu kalean Galartzaneko burdinsarean eta  Garay lorategiko burdinsarean jarri ahal izango dira kartelak. Kanpainako ekitaldiak berriz, Zubikoako nahiz plaza ondoko pilotalekuetan, kultur etxean, Santa Ana aretoan, udaletxeko areto nagusian eta foruen enparantzan egin ahal izango dira, baimena denboraz eskatuta.

Iturria: Oñati Irratia