IX. erakusleiho lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabalik dago

2016/11/16
Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko orriak, gutun bidez bidali zaizkie herriko dendariei

  Iazko bidetik jarraituz, eskaparateetan herriko moneta sozialari erreferentzia egitea bereziki sarituko da. Hala, 500 txantxiko saria emango zaio erakusleihoan txantxiaren presentzia ongien nabarmentzen duen dendari. Alegia, erakusleihoa apaintzerakoan, ohiko salmenta produktuak eta Oñatiko moneta sozialaren arteko lotura era originalenean aurkezten duenari. Bestela, Gipuzkoako Bazkundeko tekniko batez eta dekorazio arloko profesionalez osatuko den epai mahaiak, erakusleihoen konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna baloratuko dituzte lehiaketaren bost sariak ematerakoan. 1500, 1000, 500, 300 eta 200 txantxiko sariak izango dira. Zazpigarren saria berriz, 500 txantxikoa, herritarren botoen arabera emango da. Bi bide izango dira aurten herritarrek botoa eman dezaten. Ohikoa denez, abenduko Kontzejupetik aldizkarian argitaratuko den hautaketa orriaren bitartez eta internet bidez ere bai, estreinako aldiz. Abenduaren 15era arteko epea izango dute horretarako eta parte hartzen duten herritar guztien artean, 200 Txantxi zozkatuko dira. Guztira beraz, 4700 txantxi banatuko dira, dendarien artean, 4500.

  Xehetasun horiek guztiak azalduz eta IX. erakusleiho lehiaketaren oinarriak adieraziz, herriko dendari guztiei parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali zaizkie astean zehar. Izan ere, parte hartzeko izen ematea zabalik baitago abenduaren 1era arte. Gutun bidez zabaldu diren izen-emate orria bete eta udaletxean, turismo bulegoan edo sozio-ekonomia departamenduan, Bidebarrieta kalean, utzi beharko da. Behin izena emanda, erakusleihoak, abenduaren 5erako apainduta, muntatuta egon beharko du, eta halaxe mantendu beharko da, gutxienez, abenduaren 31ra arte. Erakusleihoan, noski, denda edo zerbitzuaren ohiko produktuak jarri beharko dira.

  Sari banaketa ekitaldia berriz, abenduaren 17an, eguerdiko 13.30tan egingo da udaletxeko pleno aretoan.

Iturria: Oñati Irratia

Iaz saritutako erakusleihoetako bat