Itzulpenerako maleta erosiko du udalak

2019/02/13
Card image cap
Herritarrekin egiten diren bileretan euskararen erabilera areagotzea da helburua

  Aldibereko itzulpenak egiteko tresneria erostea erabaki du udalak. Orain arte, halakoren beharra izan duenean Bergarako udalera jo du. Bitan eskatu eta erabili da Bergarako itzulpenerako maleta, Eltzia Eragiten jardunaldietan eta Berdintasun kontseilua eratzeko bileran. Bietan emaitza positiboa izan da eta bitartekari egokia dela ikusi da. Kontu eginda gainera, Berdintasun kontseilua eratzeko bilera gehiago egingo direla eta aurten HAPOa egiteko prozesuan ere herritarrekin bilerak egingo direla, euskaraz ez dakitenei zuzendutako bitartekoak jartzea garrantzitsutzat jo da, baldin eta bileretan euskararen erabilera areagotu nahi bada. Helburu hori gogoan, itzulpen-maleta erostea erabaki da, esan bezala.

  Merkatuan dauden aukerak aztertu dira eta A-2 Alquiler Audiovisual S.L. enpresak aurkeztutako proposamena hautatu da. Mikrofonoak, transmisorea eta 20 aurikular, kargadore eta kablez hornitutako maleta erosiko da, 9.334 €tan.

  Udalak erosiko duen itzulpenerako maleta hau herriko elkarte eta taldeen esku uzteko asmoa dago gainera. Horretarako eskaerak, udaleko euskara zerbitzuaren bitartez bideratuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!