Oñatiko udala

Iturrigorritik ateratako su egurra enkantean erosteko eskaintza egin du Udalak

2016/07/19
Card image cap
Su egurra erosi nahi duenak, eskaera, irailaren 9ra arte egin beharko du udal bulegoetan

  Iturrigorriko pagadian bakanketa lanak egin behar dira soilguneak sortzeko helburuz. 40-70 urte bitarteko pago adarrak moztuko dira eta hortik sortzen den egurra, sutarako salduko du Udalak. Su egurra, 20-60 zentimetro bitarteko diametroa duten 5 metro inguruko zatitan emango da eta guztira, 13-15 tonako kamioikada-loteak salduko dira. Urrian egin asmo diren bakanketa lan hauetatik, 50-70 bat kamioi ateratzea aurre ikusten da. Herritarrei, su egur kamioikada 680 eurotan erosteko aukera eskaintzen zaie. 

  Interesa duenak oinarrizko baldintza batzuk bete behar ditu: Oñatin erroldatuta egon behar du eta erositako su egurra norberaren etxeko kontsumorako izan behar da. Alegia, ezin da su-egur hori beste bati saldu. Etxe bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da.

  Eskabideak aurkezteko epea zabalik dago.  Hasieran, 30 eguneko tartea zehaztu zen baina abuztua herritar askorentzat opor garaia dela kontutan hartuta, eskabide epea irailaren 9ra arte luzatzea erabaki da eta hala jaso da enkantearen berri ematen den bandoan. Eskaerak udal bulegoetan presentatu behar dira.

  Deskuidoan, jasotako eskaerak berez ateratzen diren kamioikada-loteak baino gehiago badira, esleipena zozketa bidez egingo da. Zozketa, publikoa izango da eta beharra badago, hartarako eguna aurrez jakinaraziko da. Egurra, esleitu edo zozketa egin ondorengo bi hilabeteetan entregatuko da. Baina su egurra jaso ahal izateko, lotearen ordainketa aurrez egin beharko da Udalak emandako kontu korrontean dirua sartuz. Su egurraren garraio eta zamatze lanak Udalaren kontura izango dira. Kamioia eskatzaileak aldez aurretik esandako tokian hustuko da.

  Hirugarren aldia da Udalak Iturrigorriko pagoak moztu edo bertan bakanketa lanak egitearen ondorioz, herritarrei su egurra erosteko aukera eskaintzen diela. Lehena 2010ean izan zen, bi urte beranduago bigarrena eta orain hirugarrena. Eskaera egiteko epea zabalik badago ere, bakanketa lanak urrian egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!