Itsas plastikoaren sektoreak Euskadirentzat dituen negozio-aukerak identifikatu ditu MIK-Enpresa Kudeaketako Zentroak

2021/05/17
Card image cap
Euskadi goraka doan ekonomia urdinaren sektoreko buru izatea da helburua

  Itsasoko eta ibaietako plastikoak berreskuratzeari buruzko bideragarritasun azterketa egin du Mondragon Unibertsitateko MIK-Enpresa Kudeaketako Zentroak, 14 enpresa-proiektu identifikatuz. Ecofish izeneko proiektuak aztergai du zer aukera dauden itsasoko eta ibaietako plastikoa industriarako lehengai gisa ustiatzeko, jarduera ekonomiko eta enplegu berriak sortzeko xedez.

  Ekonomia zirkularreko sistema berri baten bidez plastiko isurpenak saihestu eta hondakinak berreskuratu eta birziklatzea du helburu Ekonomia urdina deritzonak. Euskadik aukera handiak ditu sektore berriko aurreneko postuetan kokatzeko, lehengai ugaria, merkatu berrian lehiatzeko gaitasuna duen ahalmen industrial eta teknologikoa, eta beste leku batzuetan erreferenteak izan daitezkeen soluzioak asmatu eta garatzeko talentua duelako MIKeko ordezkarien esanetan.

  Aurkeztu berri den Ecofish proiektuaren lehen fasea 2020an gauzatu zen eta itsas plastikoaren inguruan Euskadin leudeken negozio-aukerak identifikatu ziren. Horretarako, nazioarteko teknologia  eta negozio-joerak aztertu ziren, baita Euskadiko proiektuak ere. Guztira 14 proiektu ekintzaile lehenetsi dira, epe laburrera abian jartzeko. Balio-kate osoari dagozkion proiektuak dira: plastiko-hondakinak identifikatu, berreskuratu edo arrantzatu, garraiatu, hautatu eta garbitu, prozesatu, banatu eta merkatuan jartzearen ingurukoak.

  Ecofish proiektuko arduradunak harremanetan jarri dira jada sentsibilizatutako 30 enpresa eta ekintzailerekin, balio-kate berriaren bidez identifikatutako negozio-lerro horien sustatzaileak izan daitezen. Baliteke, horrek, oinarri teknologikoa duten enpresa berriak eta lanpostuak sortzea.  Euskadiko ibai eta itsasoan dauden hondakin plastikoen  ingurumen-arazoa konpontzeko erakunde publikoek egiten den ahaleginaren osagarri ikusten dute proiektua Ecofisheko sustatzaileek.

  Ekimenean hainbat eragile publiko-pribatuk egin dute bat: Mondragon Unibertsitateko MIK - Enpresa Kudeaketako Teknologia Zentroa,  Itsasplanet, URA-Uraren Euskal Agentzia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Saila; HAZI eta Itsasgela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!