Irati Elortondo oñatiarraren "Agnès" lana finalista da Huhezinemako sail ofizialean

2019/03/13
Card image cap
Hautatutako 10 laburmetraien emanaldia eta sari banaketa apirilaren 5ean egingo da Aretxabaletako Arkupe aretoan

  60 film labur aurkeztu dira 12. Huhezinemako sail ofizialerako eta horietako 10 hautatu ditu epai-mahaiak finalean lehiatzeko, tartean, Irati Elortondo oñatiarraren Agnès lana. Finalisten hautaketa zaila izan dela aitortu dute epai-mahaiko kideek. Inoizko euskarazko film gehien aurkeztu dira aurten Huhezinemara eta horrek isla du finalean arituko diren lanetan, hautatutako 10etatik sei euskarazkoak baitira. Lanak, erdi eta erdi, emakume eta gizonezko zuzendariek egindakoak dira.

  Apirilaren 5ean sail ofizialeko sari nagusien lehian arituko diren 10 film laburrak azken urtean egindakoak dira. Drama da hautatutako film labur gehienak biltzen dituen generoa, animaziozko lan bat dago, eta aukeratutako 10 lanetatik zazpi finantziazio publikorik gabe egin dira, beraz, Vertigo sarirako hautagai dira. Aipagarria da gainera aurtengo finalisten artean, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko ikasle ohiek zuzendutako hiru film labur daudela, ia aipatu dugun Irati Elortondo oñatiarraren  Agnés eta Miren Mujikaren Shell Phone eta Mikel Uralderen Minutuak.

  Sail ofizialerako hautatu diren hamar film laburrak apirilaren 5ean proiektatuko dira Aretxabaletako Arkupe aretoan. Saio berean egingo da sari banaketa ekitaldia ere. Lau dira guztira banatuko diren sariak, Goiena Saria, 1000 eurokoa, euskarazko film onenari; Vertigo Saria, 400 eurokoa, dirulaguntza publikorik gabe ekoitzi eta banatutako film labur onenari, Ikusleen Saria, 300 eurokoa eta Mundukide Saria, 700 eurokoa, giza eskubideak eta justizia soziala erarik egokienean lantzen dituen film laburrarentzat. Finalean lehiatuko diren 10 filmeen egile bakoitzak 200 €ko saria badu jada, hautatuak izate hutsagatik. 
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!