Irailean erabakiko du Mankomunitateak hondakinen bilketa hobetzeko Udalak egin dituen proposamenen inguruan

2017/07/18
Intzidentziak murriztu eta herritarrei bilketa erosoagoa egiteko 5 neurri zehatz proposatu dira

  Apurtuta edo galdutako ontzi kopurua murriztea da mankomunitateko ingurumen batzordean Oñatiko ordezkariek aurkeztutako proposamenen helburu nagusia. Jakinik, haizeteak direla kuboak apurtu edo galtzearen arrazoi nagusia, haizete horiei aurre egiteko babes neurriak hartzea eskatu da. Hala, esekitokietan krisketak jartzea proposatzen da. Halako kasik 3000 ipintzea eskatu da, horien erosketak zein aurrekontu lukeen ere zehaztu dute udal arduradunek, ia 15.000 euro. Haizeteekin lotuta bestalde, herriko lau puntutan bereziki gogor jotzen duela ikusi da. Inguru horretan dauden esekitokiak babesteko egitura metalikoak jartzea proposatzen du udalak, honek, 6500 euroko aurrekontua lukeela erantsiz.

  Hirugarren proposamenak hondakinak ateratzeko erabiltzen diren kuboei egiten die erreferentzia. Egun erabiltzen diren ontzi marroiak hauskorrak dira eta sendoagoak diren beste batzuk erosi eta banatzea eskatzen zaio mankomunitateari.
Papera modu komunitarioan kudeatzeko aukera berriz zabaltzea ere proposatu da. Hondakinen bilketa atez ate egitea erabaki aurretik papera banaka edo bizilagun guztiek batera era komunitarioan ateratzeko aukera eskaini zen. Orduz geroztik ordea, ez da, aldatzeko aukerarik eman eta hala eskaintzea proposatu dio udalak mankomunitateari, bereziki, kudeaketa komunitario horren alde. Azkenik, eta ontziak jasotzerakoan izan diren kexa ugariren inguruan, eta langileen lana errazte aldera, kuboetako kodearen azken bi zenbakien tamaina handitzea proposatzen da behin hustuta esekitoki egokian utzi daitezen.

  Maiatzean, agintaldiaren erdian, herritarren artean egin zen inkestan hondakinen bilketaz zuzenean galdetu zen. Erantzunak ikusita, egungo bilketa sistema herrian onartuta dagoela ondorioztatu zen, nahiz eta sistemak hobekuntzak behar dituen. Eta horixe da mankomunitateari proposatu zaiona, hainbat hobekuntza egitea intzidentziak murriztu eta bilketa erosoagoa bihurtzeko. Mahai gainean jarri ziren proposamen hauen inguruko erabakia udako oporren bueltan, iraileko ingurumen batzordean jakinaraziko da.

Iturria: Oñati Irratia

(Arg:Diario Vasco)