Iparraldeko eta Frantziako publikoari zuzenduta promozio berezia egiten dihardu Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak

2016/07/19
"Soud Ouest" egunkarian Oñatiri buruzko artikuluak argitaratuko dira

  Frantziako turistak betidanik hurbildu dira Oñatira. Atzerritik datozenen artean ugarienak izaten dira. Baina hala ere, zaindu behar den bisitariak dira. Turismo bulegoan bertan egiaztatu ahal izan dute gainera, hedabideetan agertzen diren erreportaien jarraitzaile den publikoa dela. Horretxegatik, medioetan eragitea erabaki du Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak.

  France 3 telebista kateak Euskal Herriari eskainitako saio berezi batean Oñati eta Arantzazuri erreferentzia zabala egin zion iazko udazkenean. Horren haritik, bisitari frantziarren kopuruak gora egin du gurean, eta Oñati nondik ezagutzen duten galdetuta, askok, telebista saio hori aipatu dute. Zentzu horretan, eta bereziki iparraldeko bisitariak erakartze aldera, Soud Ouest egunkarian artikuluak argitaratzea erabaki da. Lehen argitalpena, maiatzean kaleratu zen gehigarri berezian egin zen eta bigarrena, orain, uztailaren 31an kaleratuko denean gauzatuko da. Urtero, halako iragarki bat argitaratu ohi du Garapen eta Turismo Ajentziak baina aurten, argitalpena, bikoitza izango da.

  Turistak erakarri ez ezik, ahalik eta zerbitzu egokiena eskaini behar zaie; turismo bulegoan eta Arrikrutzeko koban bisitak frantsesez egiten dira. Hori bai, aldez aurretik eskatu behar dira. Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak eta OÑATUR enpresak egiten dituzten promozioei, Eusko Jaurlaritzak egiten dituenak batu behar zaizkio. Alde horretatik ere, garrantzitsua da esaterako, Bordeleko turismo azokan egiten dena.

  Iparralde eta Frantziara begira ez ezik, Euskal Herria eta beste jatorri bateko balizko bisitariak erakarri asmoz, promozio-bide ezberdinak jorratzen ari dira Garapen eta Turismo Ajentziatik. Hala, Geoaizkorri eskaintza berezia ezagutarazteko helburuz Basque mountains egitasmoan parte hartuko du, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia