Inprentan dago jada 2014-2015 ikasturterako agenda.

2014/07/21
Herriko pertsonaiak, lekuak, kontu jakingarriak eta euskara oinarri da aurtengo agenda ere.

  Udalak, eta herriko ikastetxeek elkarlanean osatu dute ikasturte berriko eskola agenda. Aurrekoaren antzera lau gairi lotutako 50 esaldi aukeratu dira herriko pertsonaiak, lekuak, kontu jakingarriak eta euskara landu eta ezagutzera eman asmoz. Irudien egilea da 2014-15ko agendaren berritasuna, iazkoa, Pernan Goñi izan zen eta aurtengoa Javier Erostarbe. Baina bestelakoan, esan bezala, iazkoaren bidetik jarraituz osatu da kurtso berrirako eskola agenda. Aipagarria da hori bai, etorkizunera  begira ikasleen parte hartzea handitu asmo dela. Ikasleei lekua egin nahi zaie bai esaldien hautaketan, irudiak egiten eta baita maketazioa lantzeko garaian ere. Baina aurten ez da hartarako aukerarik izan, lana, inprentan baitago.

  1.200 ale argitaratuko dira eta ikasturtea hasi orduko  6 eta 18 urte bitarteko herriko ikasleei bana emango zaie.

  Hirugarren urtea da jada udalak eta herriko ikastetxeek halako agenda bateratua osatu eta argitaratzen dutela. Liburuxka nagusiki ikasleek erabili ohi dute baina irakasle eta gurasoek ere badute bere atala, oharrak elkarri jakinarazteko.

  Eskola agendak ia 5.500 euroko aurrekontua du. Udalak, maketazio eta argitalpen kostua ordainduko du eta ikastetxeek, ilustrazio lana.

Iturria: Oñati irratia