Inoizko partaidetzarik handienaz hasiko da kurtso berria Arantzazuko Artzain eskolan, astelehenean

2020/09/22
14 ikasleko taldea izango da aurten

  24. ikasturtea beteko du 2020-2021 honetan Gomiztegiko Artzain Eskolak eta indartsu, gainera, inoizko ikasle kopururik handiena izango baitu: 14 lagun. Gehienak euskal herritarrak dira, hamar: sei bizkaitar eta lau gipuzkoar. Horietako bat oñatiarra da gainera. Gainontzeko lauak estatuko komunitate ezberdinetan jaio baina Euskal Herrian geratzeko asmoa dutenak dira. Beste hautagai batzuk kanpoan utzi behar izan dituzte, guztientzat lekurik ez zegoela eta. Arantzazuko Artzain Eskola egokitu beharra izan dute, gainontzeko ikastetxeen antzera. Gelak ez ezik, artegia eta beste instalazio batzuk ere prestatu dituzte ikasleen arteko distantziak bermatzeko, eta beharra balego, eskolak eta azalpenak ere on-line eman ahal izateko. Kamerak eta bestelako bitarteko teknologikoak gertu dituztela adierazi digute Gomiztegitik.

  Egindako egokitze teknologikoak probatu dituzte jada Artzain eskolan, on-line bidezko ate ireki jarduna osatu baitzuten ekainean. Inoiz halakorik aurrez-aurre egina bazuten, aspaldi, baina modu telematikoan sekula ez. Saioak interes handia sortu zuen. Matrikula kopurua igo izanaren arrazoietako bat izan liteke hori, bestea, Covid-19ak berak eragindakoa, nolabait esanda, gaitzak naturara hurbildu eta landa eremuan bizitzeak dituen abantailez hausnartu eta jabetzeko balio izan baitigu.

  Covidak berak eraginda, eskola programa egokitu egin dute Artzain eskolan. Gomiztegiko instalazioetan egin ohi dituzten praktikak gehiago izango dira aurten eta ikusteko dago jardunean dauden artzainen etxetan egiten diren praktikak burutu ahal izango dituzten. Horiek lotzen saiatzen ari dira, egun hauetan. Baina era batera edo bestera, 2020-2021 ikasturtean teoria eta praktikak uztartuko dira, ohikoa denez. Edukietan ez da aparteko nobedaderik eta bazka ekoizpena, artaldearen zainketa neurriak, larreen aprobetxamendua, gazta eta bestelako produktuen kalitatea eta merkaturatzea eta ardi esplotazio baten gestiorako hainbat gai jorratuko dituzte. Ekintzailetasuna ere landuko dute eta  coatching saioak partekatu dituzte konpetentzia pertsonalak ezagutu eta garatu ahal izateko.

  Berritasuna, egoitzari dagokionean izango da aurten, 6-7 ikaslek astea Gomiztegin, fraideen etxean pasako baitute. Bertako lana eta martxa 24 ordutan jarraitzeko aukera izango dute. Beraz, Gomiztegik ikasle egoitza izaera hartuko duela  esan genezake.

  Astelehenean, irailaren 28an hasiko den 2020-2021 ikasturtea martxoaren 11ra arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia

2019ko martxoan artzain makila hartu zuten ikasleak