Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Martin Garitano Ahaldun Nagusia Arantzazun izango dira asteartean.

2014/09/05
Udala eta Diputazioko ordezkariek frantziskotarrei bisita egingo diete baina aparteko protokolorik gabe.

  Agenda arazoak tarteko, iaz berandu iritsi zen arren, Urkullu Arantzazun izan zen eta aurten ere, bertaratzeko asmoa duela jakinarazi da Lehendakaritzatik.

  Gipuzkoako Diputaziotik, Ahaldun Nagusia eta beste hainbat ordezkari ere etorriko direla ere jakinarazi da. Hasieran gainera, asteartero egiten den Diputatuen Kontseilua Arantzazun egitekoa zuten baina ez da hala izango. Asteko bilera, aurreratu eta astelehenean egingo dute, hurrengo egunean Arantzazura etortzeko arazorik izan ez dezaten.

  Foru Aldundiko ordezkariak goizeko lehen ordutan iritsiko dira eta alkate eta beste udal ordezkariekin batera, Gandiaga Topagunean bihar irekiko den eskultura erakusketa ikusiko dute lehenik. Frantziskotarrei ere bisita egingo diete baina aparteko protokolorik gabe.

  12ak laurden gutxi inguruan, Mikel Biainek Jaurlaritzako ordezkariei ongi etorria emango die baina Santutegi aurrealdean ez da harrera ekitaldi ofizialik egingo. Udal Gobernu taldea eta Diputazioko ordezkariak ez dira mezetara joango, ez behintzat ordezkari instituzional moduan.

  Baina irailaren 9a, Arantzazuko Ama Birjinaren eguna da eta noski, elizkizunak ez dira faltako: eguneko lehen meza goizeko 10etan izango da eta 12tan Meza nagusia. Ordu bata eta erdietan, elizkizuna gazteleraz izango da eta 6.30tan, eguneko azkena.

  Ohikoa denez, eguerdiko Meza Nagusia, Donostiako gotzainak, Jose Inazio Munillak zuzenduko du.

  Urteroko moduan baita ere, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo da 11.30tan. Bertaratutakoak, Meza Nagusia amaitu bitartean Santutegi aurrealdean egongo dira.

  Asteartean herritar ugari igoko da Arantzazura, batzuk oinez eta beste batzuk autoz edo autobusez.

  Parrokiak antolatutako peregrinazioa, goizeko 7retan abiatuko da eliza ondotik.

  Ohikoa denez bestalde, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da. Bi autobus jarriko dira eta goizeko 8 eta erdietatikarratsaldeko 3 eta erdiak arte, autobusak  30 minuturo irtengo dira Arantzazurantz eta Oñatirantz.

  Asteartea herri mailako jai eguna dela kontutan hartuta, ez da aparteko jendetzarik espero, baina badaezpada, Santutegi inguruko aparkaleku guztiak beteko balira, Arantzazurako errepidea itxi egingo dela ere jakinarazi dute udaltzaingotik. Hori gertatuko balitz, igotzeko modu bakarra autobusa izango litzateke.

Iturria: Oñati irratia