Iñigo Urkullu eta Markel Olano Arantzazura etorriko dira bihar Gipuzkoako zaindariaren eguna ospatzera

2016/09/08
Mikel Biain alkateak guztiei ongi etorria emango die Santutegi aurrealdean

  Eusko Jaurlaritza eta Diputazioko goi ordezkariak ez dira faltako Ama Birjinaren urteko ospakizunera. Iñigo Urkullu eta Markel Olanorekin batera Foru Aldundiko beste hainbat ordezkari espero dira Arantzazun. Izan ere, bihar Gipuzkoa osoan jai eguna baita. Mikel Biain alkateak guztiei ongi etorria emango die Santutegi aurrealdean. 11.45 inguruan izango da hori, eguerdian meza nagusia hasiko baita. Jaurlaritza eta Diputazioko ordezkariak Jose Inazio Munilla gotzainak zuzenduko duen elizkizunera joatea aurre ikusten da.

  Bihar meza aukera zabala izango da Arantzazun: eguneko lehena 10.00tan izango da eta 12.00tan, esan bezala, meza nagusia. 13.30etan, elizkizuna gazteleraz izango da eta 18.30tan, eguneko azkena.

  Etxeratek deituta bestalde, urteroko moduan presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo da 11.30tan. Lehendakariari Dispertsioaren haurrak izeneko txostena ematen saiatuko dira baina Urkulluk hartuko ote dien ikusteke dago, Azpeitian, San Inazio bigarrenez egiten ziren ospakizunetan idazkari batengana bideratu baitzituen presoen senitartekoak.

  Baina herritarrak izango dira nagusi bihar santutegi inguruan, batzuk oinez eta beste batzuk autoz edo autobusez igoko dira. Parrokiak antolatutako peregrinazioa, 7.00etan abiatuko da eliza ondotik eta 8.00tan, Zapata parean, frantziskotarrekin bat egingo du. Hortik gora, otoitzean jarraituko da.

  Ohikoa denez bestalde, Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da. Bi autobus jarriko dira eta 7.30tatik  19.00ak arte zerbitzuan. Hala, ibilgailuak  30 minuturo irtengo dira Arantzazurantz eta Oñatirantz. 10.00etatik 14.00ak arte gainera, hirugarren autobus bat jarriko da.  Hala ere, tarteren batean jendea pilatu eta minutu batzuetako atzerapenak izan daitezkeela ohartarazi dute zerbitzuaren arduradunek. Pazientzia eskatzen dute.

  Bihar herrialde mailako jai eguna dela kontutan hartuta ohikoa baino jende gehiago espero da. Horregatik, bide segurtasun protokolo berezia hitzartu dute udaltzain-buruak eta Ertzaintzak. Santutegi aurrealdeko aparkalekua elbarri eta baimendutako ibilgailuentzat soilik gordeko da. Lehenengo autoak, Sindika eta Goiko Bentako aparkalekuetara bideratuko dira. Horiek beteta, ibilgailuak, plaza azpiko aparkaleku mailakatuetara zuzenduko dira. Aparkaleku  guztiak betetzen direnean Arantzazurako errepidea itxi egingo da eta Santutegira igotzeko modu bakarra autobusa izango dela jakinarazi digu udaltzain buruak.

Iturria: Oñati Irratia

Agintariei agurra iaz