Ingurumena eta Landa Garapena departamentuaren dirulaguntza eskaerak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/01/16
Card image cap
Berez garbitzen den komuna Olabarrietan jartzeko kontratatzioa abiatzea ere proposatuko da

  Sei dira Ingurumena eta Landa Garapena departamentuak kudeatzen dituen dirulaguntza lerroak baina horietatik bat hiru hilabetero ordaintzen da, hau da, bertako produktuak azokara eramateagatiko dirulaguntzak. Gainontzeko bosten inguruko ebazpen proposamena izango da gobernu taldeari aurkeztuko zaiona: nekazaritza ustialekuak modernizatzeko, nekazaritza erabilerako ura ordaintzeko, putzu septikoak garbitu eta instalatzeko, ermiten argindar kostua ordaintzeko eta basobide pribatu nagusiak eraiki eta hobetzeko dirulaguntzak.

  Olabarrieta auzoan berez garbitzen den komuna hornitu eta instalatzeko kontratazioa abiatzea ere proposatuko da arratsaldeko bileran. Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan herritarren babesik zabalena jaso zuen oinezkoen pasealekuetan komun publikoak jartzeko aukerak. Ibilbide ezberdinen artean gainera, Olabarrietatik Murgiarako ardatza lehenetsi zen. Baina azken hilabeteotan Olabarrietan egin diren bide konponketa lanek instalazioa atzeratu dute eta Torreauzo eta Madalenako bidegorri aldamenekoa bultzatu. Datorren astean zehar jarri asmo da berez garbitzen den komuna Munazategi inguruan. Bigarrena, Olabarrietan jarriko dena, hornitu eta instalatzeko kontratazio prozesua martxan jartzea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Torreauzorako bidegurutzean bus geltokia egokitzeko azterlana egingo du udalak. Lan horretarako jaso den aurrekontuaren berri emango zaio gobernu taldeari arratsaldeko bileran. Era berean, auzokonpost guneak hobetzeko aurrekontu proposamena edota Mendi Federazioak ibilbide homologatuen inguruko azterlana zertan den aztertuko da, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!