Ingurumen arloko ikerketak egiteko 12.000€-ko beka emango du Udalak

2015/05/08
Card image cap
Aizkorri-Aratz parkeak babestutako gunetik kanpo geratzen den Oñatiko inguruneari buruzko ikerketak aurkeztu beharko dira

  Aurten lehen aldiz emango den beka honen helburua herriko ingurunearen ezagutza sustatzea da ikerketak bultzatuz. Baina ikusi den hutsunea bete asmoz,  ikerketa eremua  mugatu egin da aurten eta  Aizkorri Aratz parkeak babestutako natura gunetatik kanpo Oñatin dagoen ingurune fisikoaren azterketa bultzatuko da. Hau da, herriko azaleraren % 49a hartzen duen gunean kokatu beharko da azterketa. Eremu horren ikerketa ikuspuntu zabal batetik enfokatu daiteke:  paisaia, geologia, paleontologia, fauna, botanika, etnografia, arkeologia, didaktika edo aisialdia.

  Lana, taldeka edo bakarka egin daiteke eta kasu guztietan, egin asmo den lanaren proposamen txostena aurkeztu behar da. Lanaren memorian besteak beste, lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikertzailearen edo taldearen aurreko esperientzia, helburuak, lan metodologia eta lana garatzeko kronograma eta aurreikusitako emaitzak eta horien interesa zehaztu beharko da. Bide batez, eskatzaileen espediente akademikoa eta curriculuma ere atxiki beharko dira.

   Aipagarria da beka eskuratu ahal izateko eskatzaileen formazio eta euskara ezagutza mailari buruz hasieran finkatu ziren baldintzak aldatu egin direla. Beka jaso ahal izateko ezinbestekoa da gaiarekin lotura duten ikasketak izatea, goi milako heziketa zikloa edo maila altuagoko ikasketak izatea. Taldeen kasuan, partaideen erdiek gutxienez formakuntza hori egiaztatu beharko dute. Euskarari dagokionez, eskatzaileak edo taldeko partaideen erdiek, EGA edo baliokide den titulu edo ziurtagiria aurkeztu beharko dute hizkuntzaren ezagutza gaitasuna frogatzeko. Bi aldaketa hauen berri ematen duen iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako aldizkari Ofizialean eta horrek, luzatu egin du beka eskatzeko lehendik finkatu zen data. Ingurumen arloko ikerketa beka hau eskatu nahi duenak, ekainaren 8ra arteko epea du dokumentazioa eta eskaera orria udal bulegoetan presentatzeko.

  Eskaera epea beteta, hartarako izendatuko den epai mahaiak, memoriak aztertu eta egokiena izan litekeena aukeratuko du, besteak beste, ikerketa proiektuaren planteamendua, eskatzaileen espediente akademiko eta curriculuma eta udalerriaz duten ezagutza kontutan hartuta.

  Beka, 12.000 eurokoa da eta hiru zatitan ordainduko da, % 30a, ebazpena hartutakoan, % 40a, 12 hilabeteak pasata lanaren txostena aurkeztu eta honi oniritzia ematerakoan eta gainontzeko % 30a, ikerketa lana entregatu eta balioetsitakoan. Lana egiteko, 2016. urte amaierara arteko epea dago. Izan ere, udalak aurten lehen aldiz kaleratu duen ingurumen ikerketa beka hau bi urtetik behin emango baita. 

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!