Informatika laguntzaile lan poltsarako azterketa teoriko-praktikoaren emaitzak argitaratu dira

2020/06/02
Azterketa otsailaren 26an egin zen

  Itxaronaldi luzea izan dute informatika laguntzaile lanposturako lan poltsara aurkeztu ziren lagunek, otsailean egin zuten azterketa teoriko-praktikoaren emaitzak gaur argitaratu baitira.

  17 lagun aurkeztu ziren informatika laguntzaile lan poltsara baina azterketa 14k bakarrik egin zuten eta horietatik 11k gainditu dute, behin behineko emaitzen arabera. Zerrenda udaletxeko iragarki taulan eta udal web atarian jarri da ikusgai. Azterketa berrikusi nahi duenak ekainaren 5a arteko epea du eskaera egiteko.

  Lan poltsara presentatzeko eskatzen zen 3. hizkuntza eskakizunaren maila agiri bidez egiaztatu zutenek ez dute beste azterketarik egin beharko, teoriko-praktikoa ariketa bakarra baitzen. EGA edo pareko egiaztagiririk aurkeztu ez zutenek berriz, euskarazko azterketa egin eta gainditu beharko dute. Horretarako datarik ez da jakinarazi oraindik.

  Oposizio edo azterketaldia gainditzen duten hautagaiei, agiri bidez egiaztatu dituzten merituak baloratuko zaizkie ondoren. Hau da, lan eskarmentua eta formakuntza osagarria. Informatika laguntzaile lan poltsa, oposizio-lehiaketan lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran osatuko baita.


 
Iturria: Oñati Irratia