Indarkeria matxistaren kontrako koordinazio mahaia eratu da

2020/03/12
Card image cap
Urtarrilean sinatu zen erakundeen arteko koordinazio protokoloari forma eman zaio

  Indarkeria matxistaren kontra Udalak, Barne sailak eta Osakidetzak sinatu zuten lankidetzarako hitzarmena oinarri, lehen koordinazio bilera egin zuten atzo aipatu erakundeetako ordezkariek. Koordinazio mahaia eratu zen eta honen funtzionamendua adostu, jarraipenerako mekanismoak erabaki eta informazio trukerako bideak zehaztu ziren. Instituzio eta
departamentu ezberdinen esku hartzea hobetzea da helburua, besteak beste.

  Bi urteko lan multidisziplinarraren emaitza da urtarrilaren 13an izenpetu zen protokoloa. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diagnostikoa egin zen lehenik eta agerian utzitako gabeziei aurre egin asmoz, indarkeria matxistaren prebentzioan, detekzioan, biktimen arretan eta esku-hartzean eragiteko jardute irizpideak landu eta adostu ziren, hiru protokolotan zehaztu zirelarik. Horietako bat erantzun publiko-instituzionalerako protokoloa da. Udalak ez ezik, Osakidetzak eta Barne sailak onartu zuten eta lankidetzarako hitzarmenenaren sinatze ekitaldian islatu zen. Lankidetza hori gauzatzeko urrats berria eman zen atzo koordinazio mahaia eratuz.

  Alkateak gidatu zuen bileran, Ongizate zerbitzuetako batzordeburua eta udal teknikaria, Prebentzio arloko udal teknikaria, udaltzain-burua eta Osakidetza eta Ertaintzako ordezkariak elkartu ziren, argazkian ikusten denez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!