Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko erakunde arteko koordinazio protokoloa sinatu da

2020/01/14
Card image cap
Udala, Osakidetza eta Ertzaintzako ordezkariek izenpetu dute protokolo dokumentua

  2016. urtean burutu zen emakumeenganako indarkeria matxistaren inguruko diagnostikoa Oñatin. Diagnostiko honek agerian utzitako gabeziei edo hobetu beharrekoei erantzuna eman asmoz, indarkeria matxistaren prebentzioan, detekzioan, biktimen arretan eta esku-hartzean eragiteko jardute irizpideak landu eta adostea erabaki zuen udalak.

  2017an hasi eta 2019an amaitu zen prozesu honen emaitza hiru dokumentu izan dira: erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa, udaleko zerbitzu ezberdinetatik egiten diren esku-hartzeak emakumeen ahalduntzean eragin positiboa izateko irizpideen bilduma, eta erantzun publiko instituzionalerako protokoloa. Iazko otsaileko osoko bilkuran onartu ondoren, azken biak martxan dira jada, hau da, esku-hartzeak emakumeen ahalduntzean eragin positiboa izateko irizpideen bilduma eta erantzun publiko instituzionalerako protokoloa. Atzo berriz, instituzioen arteko koordinaziorako protokoloa sinatu zen. Dokumentuaren helburu nagusia koordinazio mekanismoak finkatzea, irizpide bateratuak ezartzea eta herritarren inplikazio aktiborako bitartekoak jartzea dela esan zuen Izaro Elorza alkateak.

  Udaletxeko areto nagusian sinatu zen erakundeen arteko koordinazio protokoloa Izaro Elorza alkateak ez ezik, Esther Kortazar Debagoieneko OSIko ordezkariak eta Iñigo Loiola Deba-Urola barrutiko ertzain-buruak izenpetu zuten. Ekitaldian, udal departamendu ezberdinetako ordezkari teknikoek eta politikoek ere parte hartu zuten.

  Sinatu berri den protokoloaren erronka nagusia erakundeen arteko elkarlanerako bidea urratzea izango da. Horretarako ezinbestekoa da koordinazio mekanismo egokiak eta etengabeko jarraipen eta ebaluazio sistemak ezartzea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!