Indarkeria matxista pairatzen duten herritarrengatik kezkatuta dago Oñatiko Sare Feminista

2020/05/15
Card image cap
Laguntza eskaini die beharra duten guztiei

  Euskal Herrian azkenaldian izan diren indarkeria matxista kasuak salatu ditu Oñatiko Sare Feministak baina halakoak Oñatin ere badaudela azpimarratuz oharra zabaldu berri du. Kontzejupetik aldizkarian argitaratu dira udalak publiko egin dituen azken datuak, alegia, iaz 14 emakumek Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo zutela laguntza eske eta aurten dagoeneko hiru izan direla zerbitzu hauetara jo duten herriko emakumeak.

  Datu hauek izebergaren punta soilik agertzen dutela azpimarratzen du Oñatiko Sere Feministak bere idatzian. Jakinik, konfinamendu egoerak indarkeria matxista gogortzea ekar dezakeela, autodefentsarako gaitasuna  mugatzen duelako, herriko mugimendu feministako kideak  bereziki kezkatuta daudela azaltzen dute.  Are gehiago, egoera soziokonomikoa okertzea eta krisiak emakumeei bereziki eragingo diela aurreikusten denean, pobrezia eta bazterketa kasuen gorakadak emakumeen kontra egitea dakarrelako sarritan.

  Testuinguru horretan Oñatiko Sare Feministak indarkeria matxista gogorki salatzen du beste behin eta halako egoeran egon litekeen Oñatiko emakumeei laguntza eskaintzen diete. Laguntza zuzenean indarkeria matxista pairatzen dutenei edota halako kasuren bat ezagutzen duten lagun edo bizilagunei ere, nora zuzendu ez badakite. Oñatiko Sare Feministak Facebook eta Instagramen kontuak ditu eta horien bitartez harremanetan jartzeko gonbidapena egiten diete laguntza behar duten guztiei.

  Era berean, indarkeria matxistaren pandemiari aurre egitea herritar guztioi dagokigula azpimarratzen du Oñatiko Sare Feministak zabaldu duen idatzian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!