Inauterietarako prestatu den ekintza programak ia 5.000 euroko aurrekontua du.

2014/02/21
Egitarauko osagai nagusiak, dantza, musika eta antzerkia dira.

  Iaz asmatu zen Oñatiko inauteriak jarraipena izango du. Dantza eta doinu berriekin osatu da eta herriko mozorro-jauntxoentzat orga edo karroza moduko bat prestatzekotan dira. Karnabaletako konpartsako kideek asteak daramatzate dantzak ikasten eta datorren zapatuan jada kalera irtengo dira herria inauteriz girotzera. Iaz, udalak, ahalegin ekonomiko berezia egin zuen Oñatiko inauterietako pertsonaiak karakterizatu eta jantzi berriak sortzeko eta ia 6.800 euroko partida bideratu zen. Aurten, iazkoari jarraipena emanez ez da halako inbertsio handirik egin behar izan. Dena den, aurten kaleratuko diren elementu berriak sortu eta egunaren antolakuntzan laguntzeko, Oñatz dantza taldeari 1.500 euroko diru laguntza emango zaio. Kontu egin behar da, Oñatzek ekintza bikoitza izango duela datorren asteburuan: zapatuko inauteri konpartsa herrikoiaren dinamizatzaile da baina igandean taldeko kideak dira Luzaideko dantzak kalerik kale eskaintzen dituztenak.

  Karnabaletako herri konpartsa datorren zapatuan, martxoaren lehenean irtengo da kalera. Goizeko 11 eta erdietan Olakuatik abiatuko dira eta kalerik kale ibiliko dira Oñatiko inauteriaren dantzak egiten. Amaierako ekitaldia plazan egingo da iluntzeko 8etan.

  Domekan ere dantza nagusi izango da esan bezala eta urteetako ohitura berrituz, Oñatz taldekoek Luzaideko inauteri dantzak eskainiko dituzte arratsalde-ilunkaran, Aita Madina taldeko txistulariak eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi eta perkusioko ikasleak lagun hartuta.

  Astelehenean etxeetara banatzen hasiko diren inauterietako egitarauan ostiralean izango den antzerki emanaldia da aipatzen den lehen ikuskizuna. Ttanttaka taldearen eskutik, “7 aldiz elur (Mikel Laboa elurretan” antzezlana izango da Santa Ana aretoan. Pasa den astean estreinatu zen ikuskizun honetarako sarrerak, dagoeneko salgai daude www.barrabarra.eu atarian.

  Zapatuan, dantzariak kalerik kale ibiliko dira baina Gaztelekuan ere izango da hartarako aukerarik, Dj Ebilekin disko festa antolatu baita.

  Baina ekitaldi nagusiak, asteartean eta publiko gaztetxoari begira antolatutakoak izango dira. Arratsaldeko 5etan KUKO, TRUKU ETA BOLENWAIDER pailazoen eskutik XELEBREKERIAK ikuskizuna izango da Gaztelekuan. Parrokiako misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan eta Joselu anaiak taldeak girotutako erromeria izango da 6etatik 9.30tara. Tartean, 6.30tan, Txorimaloak kalera irtengo dira.

  Guztira, inauterietarako antolatu diren ekitaldi ezberdinak gauzatu ahal izateko kasik 5.000 euroko aurrekontua onartu da.

Iturria: Oñati irratia