Inauterietarako ospakizun egitaraua gertu dago

2016/01/20
Bihar-etzi etxeetara banatzen hasiko diren egitarauko osagai nagusiak, dantza, musika eta antzerkia dira

  Inauteriak goiz datoz aurten. Otsailaren 4a ostegun gizen ospatuko da eta hortik aurrera, zapatu, domeka eta asteartean nagusiki, hainbat ekintza izango dira herrian. Baina bihar-etzi banatzen hasiko diren inauteri egitaraua, aurreko asteburuan, urtarrilaren 29-31ko ekintzek irekitzen dute. Urtarrilaren 29an, Anari kantariaren kontzertua izango da Gaztelekuan eta 31an berriz, Txanogorritxo haur antzerkia Santa Ana aretoan eta Argiaren hotsa ikuskizuna Mikel Goiaingeruaren Parrokian.

  Karnabal egunetan berriz, dantza eta musika nagusi izango ditugu aurten ere.

  Otsailaren 6an Oñatiko inauteri konpartsa izango dugu festa osagai. Orain hiru urte asmatu zen Oñatiko inauteria egonkortzen ari da. Urtez urte kale ikuskizuna osatuz joan da dantza eta doinu berriekin eta mozorro-jauntxoentzat orga edo karroza moduko batekin. Jantzi berriak ere egin zituzten iaz hartza eta pregoilariarentzat. Aurten nobedaderik badago, otsaileko lehen zapatuan ikusiko ditugu. Karnabaletako konpartsako kideek asteak daramatzate dantzak ikasten eta bi aste eta erdi barru kalera irtengo dira herria kolorez girotzera. Orain hiru urte Udalak ahalegin ekonomiko berezia egin zuen Oñatiko inauterietako pertsonaiak karakterizatu eta jantziak sortzeko. Aurten emango zaion diru laguntza, justu bihar izango den bileran eztabaidatu eta erabakiko da. Bide batez, biharko Tokiko Gobernu Batzarrean, aurtengo inauteri programaziorako aurrekontua onartzea proposatuko da.

  Karnabaletako herri konpartsa otsailaren 6an irtengo da kalera. 11.30etan Olakuatik abiatuko dira eta kalerik kale ibiliko dira Oñatiko inauteriaren dantzak egiten. Amaierako ekitaldia plazan egingo da 20.00etan.

  Hurrengo egunean, domekan ere dantza nagusi izango da berriro eta urteetako ohitura berrituz, Oñatz taldekoek Luzaideko inauteri dantzak eskainiko dituzte arratsalde-ilunkaran, Aita Madina taldeko txistulariak eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi ikasleak lagun hartuta.

  Inauteri astearte egunez berriz, 17.00etan Potxin eta Patxin pailazoen eskutik Herriko jaiak  ikuskizuna izango da Kiroldegian. Parrokiako misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan eta txorimaloen ostean disko festa izango da plazan. Euria egingo balu, dantzaldia Gaztelekura aldatuko litzateke.

Iturria: Oñati Irratia

2016ko inauteri egitaraua