Inauteri egitarauak 7000 € pasatsuko aurrekontua du aurten

2017/02/14
Etxeetara banatzen ari diren egitarauko osagai nagusiak, dantza, musika eta antzerkia dira

  Aste eta erdi barru hasiko gara 2017ko inauteriak ospatzen.  Ostegunetik asteartera hainbat ekintza izango dira herrian.  Etxeetara banatzen ari diren inauteri egitarauan ostiral, larunbata, igande eta astearterako udalak programatu dituenak jaso dira. Ekintza horiek 7277 €ko aurrekontua izango dute guztira.

  Otsailaren 24an, eta inauteriei umorez ekiteko, Kaput, hitzik gabeko klown ikuskizuna eskainiko da Santa Ana aretoan. 5 urtetik gorakoei zuzendutako ikuskizuna izaki, emanaldia, 20:00tarako iragarri da.

  Otsailaren 25ean Oñatiko inauteri konpartsa izango dugu festa osagai nagusia. Orain lau urte asmatu zen Oñatiko inauteria dagoeneko egonkortu dela esan daiteke. Urtez urte kale ikuskizuna osatuz joan da dantza eta doinu berriekin eta mozorro-jauntxoentzat orga edo karroza moduko batekin. Aurten nobedaderik badago, otsaileko azken zapatuan ikusiko ditugu. Karnabaletako konpartsako kideek asteak daramatzate dantzak ikasten eta aste eta erdi barru kalera irtengo dira herria inauteriz girotzera. Karnabaletako herri konpartsa 11:30etan abiatuko da Olakuatik eta kalerik kale ibiliko da Oñatiko inauteriaren dantzak egiten. Amaierako ekitaldia plazan egingo da 20:00ak aldera. Lehenengo urtean udalak ahalegin ekonomiko berezia egin zuen Oñatiko inauterietako pertsonaiak karakterizatu eta jantziak sortzeko. Baina urtero diru laguntza ematen jarraitzen du, hala, aurten, 1800 € bideratzea erabaki da eta halaxe jaso da inauteri programaziorako aurrekontuan. 

  Zapatuko gauean, inauterietako egitarautik kanpo bada ere, kontzertu berezia izango da Gaztelekuan. Herstura, Skakeitan eta Willis Drummon taldeak arituko dira 22:00tatik aurrera. Kontzertu hirukoitz honetarako sarrera, 8 €tan salgai daude jada, Boga, Ona eta Xagu tabernetan.

  Hurrengo egunean, inauteri domekan, dantza berriro nagusi izango da eta urteetako ohitura berrituz, Oñatz taldekoek Luzaideko dantzak eskainiko dituzte arratsalde-ilunkaran, Aita Madina taldeko txistulariak eta Jose de Azpiazu musika eskolako akordeoi ikasleak lagun hartuta.

  Inauteri astearte egunez berriz, 17:00etan Kiki, Koko eta Moko pailazoen eskutik KATAPUNTXISPUN FESTA ikuskizuna izango da Kiroldegian. Aforoa mugatua da eta horren kontrola eraman ahal izateko,  aurten lehen aldiz, sarrerak eskuratu beharko dira. Sarrerak, 2 €tan, bibe.me web atarian salgai daude jada. Parrokiako misio taldeak urteroko elkartasun txokolatada egingo du plazan eta txorimaloen ostean Disko festa izango da plazan. Euria egingo balu, dantzaldia Gaztelekura eramango da.

Iturria: Oñati Irratia