IMSERSOk, bainuetxeetako egonaldien programan izena emateko epea ireki du.

2013/01/04
Eskaintza, Gizarte Segurantzako pentsionistei edota 60 urtez gorako alargunei zuzenduta dago.

  IMSERSOren termalismo programan parte hartu nahi duten herritarrek, eskaera aurkezteko bi bide dituzte. Udal gizarte zerbitzuetara joan eta bertatik Madrila bidaliko diren orriak presentatzea, edota, zuzenean, eurak, postaz Madrila, IMSERSOra bidaltzea. Bidebarrietara, udal gizarte zerbitzuetara informazio bila joan diren gehienek, dena den, bertatik tramitatzeko bidea aukeratzen dute.

  Eskaera egiteko, bi epe bereizten dira: Otsailetik abuztua bitartean joateko asmoa duten lagunek, izena, urtarrilaren 16a baino lehen eman behar dute. Irailetik abendura joan ahal izateko berriz, maiatzaren 16a baino lehen.

  Balenariotara joateko programa hau, jubilatu edo ezgaitasunen bat tarteko pentsionista direnei zuzenduta dago. Alargunen kasuan 60 urte beteta izatea da bainuetxe programan parte hartu ahal izateko jarri den baldintza.

  Programa, otsailetik abendura luzatuko da. Interesatuek, estatuko 100nen bat bainuetxe aukeratzeko bidea dute, hurbilenak, Zestoakoa eta Bizkaiko Karrantzan dagoena dira. Lekuan lekuko egonaldiek prezio ezberdina dute, garaiaren arabera eta egun kopuruaren arabera ere bai, egonaldia, 10 edo 12 egunekoa izan baitaiteke.
Prezioan, pentsio osoko egonaldia, bainuetxeko medikuek egindako azterketa eta hauek finkatutako terma tratamendua sartzen dira. Balneariorako bidaia, berriz, eskatzaileak bere kontura egin behar du.

  Bainuetxeetako egonaldien programa honetan izena emateko, norberaren osasun egoeraren berri ematen duen zinpeko agiria aurkeztu behar da.  

  Argibideak, dena den, gizarte zerbitzu departamentuan emango dizuete.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!