Ikurrina jarri da berriro plazan

2020/09/10
Altzairu herdoilgaitzezko 16 metroko masta berria jarri du udal brigadak, goizean

  Ekaina hasieran kendu zen aurrekoko ikurrina, masta apurtzeko arriskuan zegoelako. Bereziki goialdean zegoen oso kaltetuta. Masta zaharra, 16 metroko zutoina, zuntz eta burdinazkoa zen. Jarri den ordezkoak berriz, luzera berbera dauka, 16 metro, baina altzairu herdoilgaitzezkoa da.

  Pentsatu baino aste gutxi beranduago iritsi da baina gaur goizean jada, zutoin berria jaso eta aurrez prestatu zen porlanezko oinarrian kokatu dute udal brigadako langileek.

  Ez da hori brigadakoek egin duten agiriko lan bakarra, Lizaur kalean, 5 zenbakidun eraikinaren atzealdean zegoen transformazio zentroa ere bota berri baitute. Erabilerarik ez zuen eraikina da eta iaz berritu zen eraikinaren sotora sartzeko bidea oztopatzen zuen. Udalak hainbat lokal eta garaje berri eraiki zituen sotoan. Aipatu transformazio zentroa botatzeko lanak iaz egin asmo ziren, baina lurrak kutsatuta egon zitezkeela-eta protokolo berezia jarraitu behar izan da. Eusko Jaurlaritzak hartarako baimena eman duenean egin dira eraikinaren eraiste lanak.
 
Iturria: Oñati Irratia