"Ikerketa lanetarako elkarrizketen metodologia" izeneko doako mintegia antolatu du Lege Soziologia Institutuak

2017/10/30
Card image cap
Azaroaren 2an izango da, interesa duten herritar guztioi irekita

  Angela Melville Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifiko izandako irakasleak emango du mintegia. Ostegunean, azaroaren 2an izango da eta bi orduz luzatuko da, 10:00tatik-12:00tara. Oso praktikoa izango dela adierazi digute antolatzaileek eta elkarrizketen metodologia azaltzera zuzenduko da. Izan ere, hainbat arlo akademikotan elkarrizketak ikerketa oinarri baitira, baina sarritan, ez da jakiten elkarrizketa horiek nola egin edo galdeketak nola prestatu. Melville irakasleak elkarrizketa mota desberdinen ezaugarriak azalduko ditu, eta mota bakoitza nola eta noiz erabiltzea komeni den.

  Mintegia hasieran, Gizarte Zientzietako eta Humanitateetako ikasle eta adituei zuzendu bazitzaien ere, edozein arlotako ikerlariei irekita dagoela zehaztu da Lege Soziologia Institututik, asko baitira ikerketa edo graduondoko lanetarako, master edo doktore tesietarako, elkarrizketak egin ohi dituztenak. Beraz, metodologia ezagutu eta ondo jarraitzeak berebiziko garrantzia dauka lana emankorra izan dadin.

  Ikerketa lanetarako elkarrizketen metodologia izeneko mintegia doan da eta interesa duten herritar guztiei irekita dago. Aurrez izena ematea eskatzen da eta horretarako, Lege Soziologia Institutura deitu behar da. Dagoeneko 18 herrialdetako pertsonek eman dute izena, tartean lauzpabost oñatiarrek.

  Mintegia ingelesez emango da baina hizkuntza ondo ez menperatu arren, interesa duen oro parte hartzera animatzen ditu antolakuntzak. Saioa oso praktikoa izango da eta ariketak parte-hartzaileek nahi duten hizkuntzan egin ahal izango dituzte. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!