Iker Jausoro oñatiarra mendian amilduta hil zen atzo Valdezcarayn

2017/02/27
Gorpua, Elgoibarra arratsaldean ekartzekoa dute eta hileta elizkizuna ere bertan egingo da bihar 19:00tan

  Familiek hala adostuta, atzoko mendi ezbeharrean hil ziren bi lagunen aldeko hileta elizkizun bateratua egingo da Elgoibarko San Bartolome Parrokian bihar arratsaldean. Jakin ahal izan dugunez, elizkizunaren ondoren, Iker Jausororen gorpua Oñatin ehortziko dute.

  Iker Jausoro oñatiarra eta Joseba Zinkunegi eibartarraren heriotza eragin zuen ezbeharra atzo 14.00ak aurretxoan gertatu zen Errioxako San Lorentzo mendiaren tontorraren inguruan. Bi lagunak, elur-erraketekin mendi ibilaldia egiten ari ziren, eta dirudienez, labaindu eta amildu ziren. Valdezcarayko estazioan eskiatzen ari zen lekuko batek eman zuen gertatutakoaren abisua. Erreskate taldeak istripu lekura iritsi zirenerako Joseba Zinkunegi hilik zegoen jasotako kolpeen ondorioz, Iker Jausoro berriz, oso larri baina bizirik aurkitu zuten. Medikuak suspertzen saiatu ziren helikopteroz osasun zentroren batera eramateko asmoz baina lekuan bertan hil zen.

  Iker Jausorok 47 urte zituen eta bi semeren aita zen. Egun Elgoibarren bizi zen eta bertako koadrila laguna zuen Joseba Zinkunegi 50 urteko eibartarra.

  Atzo arratsaldean herrian zabaldu zen berriak atsekabea eragin zuen. Futbol eta kirolzaleen artean oso ezaguna zen Iker Jausoro eta bere familia ere oso ezaguna da herrian. Jausoro Aloña Mendi 3. mailara igo zen futbol taldeko kideetako bat izan zen eta igoera hori posible egin zuen bigarren golaren egilea ere izan zen. Udal ardurak ere hartu zituen, zinegotzia ere hautatu baitzuten 1999ko udal hauteskundeetan. EA eta EAJ koalizioan osatu zuten zerrendan aurkeztu zen.

Iturria: Oñati Irratia