Ikasturte berrirako izen-ematea zabalik dago Udal Euskaltegian

2019/09/02
Azterketa ofizialak bertan egiteko aukera izango dute euskaltegiko ikasleek

  Iraila hastearekin batera ireki da Udal euskaltegian, 2019-2020 ikasturterako izen-emate epea. Euskara ikasten hasi edo hobetzeko aukera eskaintzen da. Ikasleen maila, erritmo eta ordutegietara egokitutako taldeak eratzen saiatuko dira euskaltegian, euskara ikasi nahi duen orok lekua izan dezan. Matrikula epea gaur hasi eta hilaren 20ra arte luzatuko da. Gero, taldeak osatzeko, eta lekua dagoen bitartean, izenak jasotzen jarraituko da baina beti ere, ia finkatu diren taldeetan sartuz.  Horregatik, norberaren beharretara hobekien egokitzen den taldean jarduteko izena lehenbailehen ematea komeni da.

  Udal euskaltegian, euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak eskaintzen dira, A1, A2, B1,B2,C1 eta C2 mailak. Gainera, egiaztagiri ofizialak eskuratzeko azterketak ere egiten dira bertan. Oinarrizkoak dira A1, A2 eta B 1 mailetan ebaluaketa jarraia egiten da euskaltegian, goragoko mailetan,  entzumen eta irakurmen azterketak euskaltegian egiten dira eta horiek gaindituta, idazmena eta ahozkoa Donostia, Gasteiz edo Bilbon. Ikastaro bereziak ere eskaintzen dira, etorri berrientzat, ostalaritzan dihardutenei egokitutakoa edota Oñatiko euskara lantzeko, besteak beste.

  Iraupen luzeko langabetuek doan dituzte eskolak eta bai HABEk baita udalak ere beka sistema dute. Hala, asistentziaren arabera, gutxienez, eskolen % 90eko aprobetxamendua ziurtatzen dutenek matrikula kostuaren erdia jasotzen dute ikasturte amaieran. Bigarren urtez ikasten jarraitzen dutenek, beste %25eko gain saria eskuratu ohi dute. Gainera, matrikulatzen diren guztien artean doako matrikula bat zozkatuko da.

  Baina euskaltegiak egiten duen eskaintza akademiko nahiz ekonomikoari buruzko informazio osatuagoa euskaltegian bertan eskuratu daiteke, astelehenetik ostiralera 9:00tatik 13:00tra eta 16:00tatik 18:30tara. Matrikula epea hilaren 20ra arte zabalik dago.

Iturria: Oñati Irratia