Ikastetxeetara oinez eta taldean joateko bi ekimen beteko dira datozen egunotan: "ikastolara oinez" eta "eskolako trena"

2018/05/02
Card image cap
"Ikastolara oinez" bihar egingo da eta Urgain-Errekaldeko "eskolako trena" maiatzaren 7tik 18ra

  Haurren mugikortasuna, autonomia eta sozializazioa sustatzeko asmoz ikastetxeetara oinez eta lagun artean joateko ekimenak antolatu ohi dira gurean urtero. Herriko ikastetxeek beraien behar eta ohituretara egokitu ohi dituzte ekimen hauek eta datozen egun eta asteetarako gonbidapena egin zaie Txantxiku ikastola eta Urgain-Errekaldeko haur eta gurasoei. Bihar bertan, eta ikastolako astearen baitan, ikastolara oinez joateko deialdia zabaldu da. Horretarako, 5 ibilbide zehaztu dira inguruan bizi diren haurrek bat eginda ikastolara iritsi daitezen. Ugarkalde, San Martin, Errekalde, Errementari plaza eta Kurtzetxo ermita ingurua izango dira ibilaldien abiapuntuak eta egin beharreko distantziaren arabera,  8:05 eta 8:20 tartean abiatuko dira talde ezberdinak ikastolaruntz. Ikastolaren astearen baitan antolatu den ikastolara oinez ekimena bihar soilik gauzatuko da.  

  Urgain-Errekalde eskolako guraso elkarteak 2010az geroztik urtero, hamabost egunez, errepikatzen du eskolako tren ibiltaria ekimena. Kasu honetan ere eskolara oinez eta lagunekin joateko helburuz. Ikasleen bizitokiaren arabera trenera batzeko geltoki eta ordutegi konkretuak zehaztu dira baita ere, lau ibilbide edo adar osatuz: San Lorentzo, Olakua eta Ugarkalden bizi direnak San Lorentzoko tunel parean elkartuko dira; eta Kanpantxo, Bidebarrieta eta San Martingo zubitik irteten direnek Santa Marina plazan, Kultur etxearen parean bat egin dute, handik eskolara guztiak elkarrekin igoaz. 
Tren ibiltaria datorren astelehenean, maiatzaren 7an jarriko da martxan eta bi astez, hilaren 18ra arte, goizero errepikatuko da.

  Herri eskola eta ikastolakoen antzera Elkar Hezik ere badu bere ekimen berezia, Elkarbusa, alegia. Guztiek haurren mugikortasun aktibo eta autonomoa sustatzea dute helburu, ariketa fisikoa egiten duten bitartean txikienen sozializazioa sustatuz.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!