Ikastetxeetako inguruak oinezkoentzat hartuko dira bihar

2019/09/18
Card image cap
Hainbat aparkaleku libratu eta trafikoa baretzeko neurri bereziak hartuko dira

  Mugikortasun astearen baitan, eta iazko ekimena errepikatuz, herriko ikastetxe inguruetan hirigintza taktikoko ekintzak egingo dira. Egun arriskutsutzat identifikatuta dauden ikastetxe atarietako zenbait gune oinezkoentzat hartu eta jolasgune bihurtuko dira bihar goizean, espazioei ematen zaien erabileraren arabera handitu edo txikitzen baita duten arrisku maila hori. Ikastetxe inguruko espazio publikoan dauden arazoak eta konponbide posibleak agerian jartzea da ekimenaren helburu nagusia; espazio publikoan kotxeek izan ohi duten protagonismoaren aurrean bestelako herri gunea aldarrikatzea.

  Elkar Hezikoek, Arantzazuko Ama kaleko ikastetxe aurrealdeko bidearen errail bat hartu eta jolasleku  bihurtuko dute. Ondorioz, errepidea, norabide bakarreko bihurtuko da bihar goizean. Eta Santa Marinako plazan zebrabide berri bat marraztuko dute. Urgain Errekaldekoek, eskola aurrealdeko aparkalekuko zati bat hartuta, hainbat txoko egokituko dituzte jolas ezberdinak egiteko aukera eskainiz. Urgaineko guraso elkarteak antolatuta gainera, Eskolako tren ibiltaria egiten ari dira, aste osoan zehar. Eta Txantxiku ikastolako sarrera ere jolasgune bihurtuko da, ikastola eta kiroldegi arteko errepidean dauden hainbat aparkaleku hartuta. Zuazola institutuak bat egin du ekimenarekin aurten eta bizikletaren erabileraren aldarrikapena egingo dute galtzadako hainbat aparkaleku bizikleta uzteko leku bilakatuz.

  Bihar goizean egingo diren ekintzak dira eta ikastetxe inguruetatik ibili ohi diren auto gidariei pazientzia eta lasaitasuna eskatzen zaie.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!