Ikastetxe eta guraso elkarteen 2017-18 ikasturteko diru laguntzen likidazioa onartu berri du udalak

2019/01/07
2018-209 ikasturte honetarako deialdia egitea ere onartu du

  Udalak 87.000 euroko diru partida onartu zuen herriko ikastetxeek eta bertan dihardute guraso elkarteek 2017-2018 ikasturterako aurkeztu zituzten egitasmoak gauzatu zitzaten. Pasa den ekainean, hitzemandako diru laguntzaren % 60a banatu zitzaien, gainontzekoa, irailean likidazioa aurkezterakoan ordainduko zela azalduz. Beti ez dira ordea, ikasturte hasieran izaten diren asmo eta proiektuak betetzen, edo beteta ere, merkeago egiten dira. Horregatik fakturak aurrean egiten da diru laguntzen zuritze edo likidazioa, aurreikusitakoa eta gastatutakoaren arteko diferentzia kalkulatzen da eta hori da orain ordainduko dena.

  Aurreko ikasturteko diru laguntzen likidazioan udalak 31.297 euro banatuko ditu: 29.842 euro, 0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintzen duten bost ikastetxeen artean eta gainontzeko 1455 euroak, ikastetxeetan diharduten guraso elkarteen artean. Onartu berri den likidazioa gauzatuta, ez da guztiz agortuko udalak diru laguntza hauetarako zuen diru partida. Hasieran gorde zen 87.000 euroko diru partidatik 2200 euro banatu gabe geratuko direlako.

  Ikastetxeei eman ohi zaizkien diru-laguntza hauek ikasle kopurua, urteko ekintza programa edota eskola kirola egitasmoan duten partaidetza besteak beste, kontutan hartuta kalkulatzen da. Guraso elkarteei dagokionean, aurkezten duten ekintza programa da baloratu eta diruz babesten dena. 2017-2018 ikasturtean, Zuazola-Larraña, Elkar Hezi, Errekalde herri eskola eta Txantxiku ikastolako guraso elkarteek jaso dute udalaren diru laguntza.

  Aurreko ikasturteko gastuen likidazioa eginda, 2018-2019 ikasturte honetarako diru laguntza eskatzeko epea laster irekiko da. Deialdi berria egitea onartu zen pasa den abenduko  azken Gobernu batzarrean eta iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, egun gutxiren buruan.

Iturria: Oñati Irratia