Ikastetxe eta guraso elkarteei zuzendutako udal dirulaguntzak aztergai izango dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2020/05/21
2019-2020 ikasturteari dagozkion dirulaguntzak dira

  Udalak herriko ikastetxeei eman ohi dizkien dirulaguntza hauen banaketan, ikasle kopurua, eskola kirolean duten partaidetza edota hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak hartzen dira aintzakotzat, besteak beste. Guraso elkarteen kasuan berriz, gauzatuko den ekintza programa. Aurtengo dirulaguntzak eskatzeko epea otsailaren 11an amaitu zen eta jasotako eskaerak aztertuta, Hezkuntza batzordearen proposamena eztabaidatuko da arratsaldeko bileran, erabakia hartzearekin batera.

  Udalak dirulaguntzak ematen ditu baina eskatu ere bai eta Sozioekonomia batzordearen eskutik, museo ekintza didaktikoetarako dirulaguntza eskatuko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

  Pertsonal eta Barne Antolaketa batzordearen eskutik berriz, beste bi gai eramango dira gobernu taldearen arratsaldeko bilerara: kale garbiketa zerbitzuaren errefortzurako langile bat kontratatzea eta 2021erako Oñatiko jai egun ofiziala izendatzea. Halakoetan, herriko zaindari den San Migel eguna hautatzen da, hau da, irailaren 29a. Datorren urtean asteazkenarekin etorriko da.

  Azken orduko presazko gairik aurkezten ez bada, aipatu lauak izango dituzte mahai gainean gobernu taldeko kideek gaurko bileran eztabaidatzeko.

Iturria: Oñati Irratia