Ikasleen zientzia, teknologia eta ekintzailetza bokazioak lehiaketetan parte hartuz sustatzen dira herriko ikastetxeetan

2020/01/21
Zuazola-Larraña institutua eta Txantxiku ikastolako ikasleek “Firts Lego League” lehiaketan parte hartzen dute, Elkar hezikoek STARTinnovan ari dira

  First Lego League hezkuntza programaren helburua, gazteen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea da, lantaldea, inklusioa, sormena, konpromisoa eta berrikuntza baloreak bultzatuz. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du azken 10-12 urteetan. Baina aurtengoak berrikuntza dakar: Euskadi mailako final saio bakarra jokatu ordez hiru egingo direla: Arrasateko Mondragon Unibertsitatean,  Donostiako Eureka museoan eta Deustuko unibertsitatean. Final hori otsailaren 8an izango da, hiru lekuetan, aldi berean. Hala, Euskadik hiru txapeldun eta ondorioz, hiru ordezkari izango ditu estatu mailako First Lego Leagueko finalean. Orain arte bakarra zen.

 Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 51 ikastetxek parte hartzen dute aurtengo First Lego League lehiaketan. Zenbait eskolek, talde bat baino gehiago eramango dute. Partaideen adinaren arabera bi maila bereizten dira:  FIRST LEGO League, 10-16 urte arteko gazteei zuzenduta eta junior kategoria 6-9 urte bitartekoentzat.

  Oñatiko Zuazola-Larraña ikastetxeak bigarren urtez parte hartuko du First Lego League lehiaketan, Txantxiku ikastolakoentzat berriz, lehen aldia izango da. Bakoitzak talde bakarra aurkeztu du, institutukoak DBH 4ko ikasleak dira, ikastolakoak DBHko maila ezberdinetan daudenak. Biek ULMAren babesa daukate.

  Partaideek hiru proiektu aurkeztu eta defendatu beharko dituzte Arrasateko finalekoan, aditu epai-mahai baten aurrean. Balioen inguruko erakustaldia egin beharko dute; zientzia arloko proiektua da bigarrena, aurten hirigintza jasangarriaren ingurukoa; eta teknologikoa hirugarrena, LEGO robot bat diseinatu eta programatuz. Ikusgarriena izan litekeen ariketa honetan, propio muntatzen ari diren robotak, hainbat proba gainditu beharko ditu, denbora mugatuan. Lehiaketaren helburua gazteengan zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea da, etorkizunera begira, beraien bokazioa aurkitzeko lagungarri izango delakoan.

  Elkar Hezi ikastetxeak berriz, urteak daramatza STARTInnova egitasmoan parte hartzen. Gazteen artean ekintzailetza sustatzea da lehiaketa honen helburu nagusia, eta horretarako, hainbat proba proposatzen zaizkie lehiakideei, ikasturtean zehar, pilatutakoaren arabera, finalera sailkatzen direlarik. Elkar Hezi ikastetxeko bigarren batxilergoko lau taldek parte hartzen dute aurtengo lehiaketan.

Iturria: Oñati Irratia

First Lego Leagueko partaide batzuk