Ikaskideekin eskolara joateko "juntalekuak" identifikatuko dira eta eskola atariak jolasgune bihurtuko dira, asteazkenean

2018/09/17
Card image cap
Eskolako Bideak Mugikortasun astearen baitan gauzatuko dituen ekintzak dira

  Goizean aurkeztu dira, LH 5. mailako ikasleak bertan zirela, Mugikortasun astearen baitan Eskolako bideak egitasmoak beteko dituen ekintzak. Batetik, lehen Juntalekua irudikatu da Errementari plazan, eta bestetik, asteazkenean egingo diren Hirigintza taktikako ekintzak zehaztu dira.

  Ikaskideekin eskolara joateko topaguneak dira juntalekuak. Gaia, ikastetxeetan landu zuten aurreko ikasturtean, eta udal teknikariekin lankidetzak, 14 juntaleku adostu dira. Horiek Bagabiltz Eskolako bideak duen logoa daramaten baldosez identifikatuko dira. Olakuan, San Lorentzon, Bidebarrieta kalean, Foruen enparantzan, Errekaldeko parketxoan, Kale Zaharrak eta Unibertsitate etorbideak bat egiten dutenean, Santa Marina plazan, San Martin auzoan, Etxaluzen, Goiena parkean, Kiroldegian eta Euskadi etorbidean izango dira juntalekuak. Hori adierazten duten baldosak, astean zehar kokatuko dira.

  Etzi asteazkenez, herriko ikastetxe inguruetan egingo diren hirigintza taktikako ekintzak ere azaldu dira goizean. Arriskutsutzat identifikatuta dauden ikastetxe atarietako zenbait gune, oinezkoentzat hartu eta jolasgune bihurtuko dira asteazkenean, espazioei ematen zaien erabileraren arabera handitu edo txikitzen baita duten arrisku maila. Elkar Hezikoek, Arantzazuko Ama kaleko ikastetxe aurrealdeko bidearen errail bat hartu eta jolasleku  bihurtuko dute. Ondorioz, errepidea, norabide bakarreko bihurtuko da asteazkenean. Eta Santa Marinako plazan zebra bide berri bat marraztuko dute. Urgain Errekaldekoek, eskola aurrealdeko aparkalekuko zati bat hartuta, sei txoko egokituko dituzte jolas ezberdinak egiteko aukera eskainiz. Urgaineko Guraso Elkarteak antolatuta gainera, aste osoan zehar Eskolako tren ibiltaria egingo dute. Eta Txantxiku ikastolako sarrera ere jolasgune bihurtuko da, ikastola eta kiroldegi arteko errepidean dauden hainbat aparkaleku hartuta. Egun bakarrean egingo diren ekintzak dira eta inguruetatik ibili ohi diren gidariei pazientzia eta lasaitasuna eskatzen zaie. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!