"Ihes-gela" antolatu du Mondragon Unibertsitateak batxilergoko ikasleek enpresa talentua erakutsi dezaten

2019/01/29
Oñatiko hainbat ikaslek parte hartu zuten Enpresagintza fakultatean atzo egin zen saioan

  Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultateak, scape room edo ihes-gela egin zuen atzo. Zenbait ikastetxetako batxilergoko 50 ikaslek parte hartu zuten, tartean oñatiarrek. Ikasleak, 11 taldetan banatuta, enpresa-munduarekin lotutako erronkak, dilemak eta norgehiagokak gainditu behar izan zituzten euren enpresa-talentua erakutsiz.

  Sei guneko ihes-gela batean, 15 minutu eta jarraibideak eman zizkieten ikasleei gune horietako bakoitzetik irteteko. Gazteek hainbat alderdiren inguruan hausnartu behar izan zuten, besteak beste, marketinari, berrikuntzari, finantzei, kanpo-merkataritzari eta giza baliabideei buruz. Lehiaketaren izena gazteGOTalent da, eta enpresa munduan interesatuta dauden gazteek erronkei aurre egiteko ideiak sor ditzatela du helburu.

  Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduak antolatu zuen atzo goizeko jarduera berezi hori, balizko etorkizuneko ikasleei zuzenduta.

  Egun, 4 ikasturteetan ibilbide duala eskaintzen duen Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradu bakarra da estatuan, hau da, lehenengo mailatik laugarrenera ikasketak eta lana uztartzeko aukera ematen duen bakarra. Gradua Oñati, Irun eta Bilboko campusetan eskaintzen du Mondragon Unibertsitateak.

Iturria: Oñati Irratia