Idazketa lantegia martxan jarri asmo dute udal liburutegian

2018/12/19
Card image cap
Idazteko zaletasuna izan eta lantegi honetan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jada

  16 urtetik gorako herritarrei zuzendutako eskaintza da idazketa lantegiarena. Idazteko zaletasun hori lantzeko tailer berezi hau 2019an zehar egingo da, guztira, 12 saio osatzea aurreikusten da. Saio bakoitzaren iraupena ordu eta erdi-bi ordukoa izango da, baina saioak noiz egingo diren, partaideekin beraiekin adostuko da. Zehaztuta dagoena idazketa lantegiaren hizkuntza eta gidaria da, euskaraz emango baita eta Jimu Iturralde arduratuko da partaideen zaletasuna lantzen eta idazketan laguntzen. Bi lagunek izena eman dute jada idazketa lantegi honetan parte hartzeko, baina gutxienez 6-7ko taldea osatu behar da ekimena aurrera eramateko. Interesa duen orok, informazioa udal liburutegian eskuratuko du eta izena ere bertan eman behar da.

  Baina idazketa lantegia ez da liburutegitik jaso dugun berri bakarra. Azken urteetan martxan diren euskara eta gaztelerazko irakurle taldeekin batera, psikologia irakurle talde berri bat ere martxan jarriko baita urtarrilean. Silvina Fondra psikologoak gidatuko du talde berri hau eta psikologia testuen inguruan hausnarketa egingo dute hilean behin osatuko dituzten tertulietan. Psikologia irakurle talde honetan jokabideak, nortasuna, emozioak, motibazioa eta antzerako gaiak landuko dira, liburu eta testu hautatuak oinarri direlarik. 9 lagunek izena eman dute jada baina taldea irekita dago. Stefan Zweig-ek idatzitako Carta de una desconocida  liburua irakurtzen ari dira eta urtarrilaren 8an egingo den lehen tertulia saioan eztabaidatuko dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!